Azken urteetan jendarteratzen ari da emakumeei agertokietan dagokien protagonismoa eman behar zaienaren aldarria. Espazio hori, baina, eskatu ez ezik hartzen ere ari dira. Hori horrela, seigarren Kantuaren Kantoiko gonbidatuak emakumezkoak dira, nagusiki.
Kasernarat hirukoteko Eneritz Furya izan da Jonan Hernándezek gidaturiko berbaldi musikatuetatik igaro den lehena. Bien arteko solasaldiak goxatu digu eguaztena. Gitarra lagun, ofizioa erakutsi du Furyak, baita ahots jario itzela ere. Abestiak, ostera, laburrak, “horrelakoak irteten zaizkit-eta”. Etiketetan ez jauztea errazten die horrek. “Akustikoak ez du zertan lo egiteko izan behar; gu akustiko-kinkiak gara”.
Kantuak sortzea ez ezik, idaztea ere gustuko du irundarrak. Apollinaire filosofo frantziarraren testuetan egin zuen Furyak kaserna hitzarekin topo, Joseba Sarrionandia tarteko. “Kaserna hitzak beti izan du konnotazio txarra gurean, zergatik ez buelta eman horri?”. Antza, gudan zeuden soldaduentzako bake guneak ziren koartelak.
Irundarra izanik, sahiestezina Moskuko harrobiari buruzko galdera. “Muga aldeko haizearen eragina, edo”. Eta jarraian Kuraiaren Antigona jotzeari (edo “izorratzeari”, gaztearen berbetan) ekin dio.
Hau izan da Kantuaren Kantoiaren seigarren edizioaren estreinuak emandakoa.
Kasernarat, bere osotasunean, Plateruenara itzuliko dira hile amaieran, eta zorte pixka batekin, Okerreko Bidetik lan berria besapean dutela etorriko dira.
Kokein taldeko Zaloa Urainek hartuko du Furyaren Kantuaren Kantoiko lekukoa: azaroaren 12rako gonbidatu dute.