Emakumeak eta gazteak, aurtengo Kantuaren Kantoiaren erdigune

Anboto 2014ko aza. 3a, 09:00

Kasernarat hirukote gipuzkoarrak zabalduko du Platerueneko aurtengo Kantuaren Kantoia, azaroaren 5ean. Azaroaren 12an ariko da Kokein; 19an Sei Urte; eta 26an Siroka.

Musikariak eta musikazaleak ohiko kontzertuetan baino gertuago egongo dira elkarrengadik, azaroko lau eguaztenetan, Durangoko Plateruenean. Izan ere, seigarren urtea da helburu horregaz Kantuaren Kantoia antolatzen dutena Plateruenean. Jonan Hernández kazetariak gidaturiko jendaurreko solasaldia eta musikarien emanaldia tartekatuko dituzte lau hitzorduetan.

Joan zen ikasturtean, Plateruenean garaturiko Zilarberritzen partaidetza prozesuan jasotako ekarpenak hartu dituzte 2014. urteko Kantuaren Kantoiaren programazioa osatzeko oinarri nagusitzat: emakumezko sortzaileen eta gazteen parte-hartzea bultzatu beharko litzatekeela esan zuten partaidetza prozesuan askok, eta profil horretako taldeak gonbidatu dituzte Kantuaren Kantoira.

Kasernarat hirukote gipuzkoarrak zabalduko du azaroaren 5ean aurtengo Kantuaren Kantoia. Iruneko eta Oreretako (Gipuzkoa) musikariek osatzen dute Kasernarat taldea: Eneritz Dueso Furya kantuan, gitarran eta soinu txikian; Mikel A. Pedreño Kikiel baxuan; eta Ander del Sol baterian.

Zaloa Urainen ahotsa buru duen eta hamabost urteko ibilbidea egin duen Kokein talde eibartarra, Maria Riverok gidatzen duen Siroka laukote bilbotarra eta Berrizko Seiurte taldea ere gonbidatu dituzte aurtengo Platerueneko berbaldi musikatuetan aritzera. Azaroaren 12an ariko da Kokein; 19an Seiurte; eta 26an Siroka.
Aurreko bost urteetan bezala, doakoak izango dira Platerueneko Kantuaren Kantoiko emanaldi guztiak, eta 20:00etan ipini dute hitzordua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!