‘Udaberririk ankerrena’ libururako bezala, Alex Sanvigaz elkarlanean sorturiko lana da ‘Haur Besoetakoa’, ezta?
Bai, duela zazpi urte hasi ginen Ikastolen Elkarteak kaleratzen duen Xabiroi komiki aldizkarirako Haur Besoetakoa pertsonaiaren istorioak argitaratzen. Asteon aurkeztu dugun komiki album hau, aldizkarian argitaratutakotik egin dugun aukeraketa bat da. Sanvik eta biok Udaberririk ankerrena argitaratu aurretik, bitartean, eta ostean ere egin dugu elkarrekin lan. Postaz aritzen gara, eta egia esan oso ondo moldatzen gara. Urtean gutxienez Haur Besoetakoaren hiru istoriotxo argitaratu ditugu, eta elkarlan erraza da.
Zelan hartu izan du orain arte irakurleak ‘Haur Besoetakoa’?
Xabiroi Ikastolen Elkarteak kaleratzen duen aldizkaria da, eta orain arte banaketa nahiko mugatua eduki du; ikastoletan bakarrik banatu izan da. Orain arte erantzun gehiegi ez dugu jaso, egia esan. Hemendik aurrera, baina, edozeinek izango du aldizkaria jasotzeko harpidetza egiteko aukera. Espero dut horrek oihartzuna ematen laguntzea. Oso kalitate handiko aldizkaria da; ez da horrelakorik egon Euskal Herrian Ipurbeltz desagertu zenetik. Dani Fanok lan handia egin du, literaturatik datorren jendea eta marrazkilariak harremanetan jartzeko eta elkarlanera bultzatzeko.
Zer irakurle profili zuzenduriko istorioak daude aldizkarian?
Xabiroi hamabi urtetik gorako gazteentzako aldizkaria da, baina helduek eta umeek ere gustura irakurri dezaketela uste dut. Gogoan dudanez, Ipurbeltzen ere denetariko istorioak zeuden, batzuk naifagoak eta beste batzuk gordinagoak.
Sortzerakoan, gidoian zentratzen duzu zuk zure jarduna eta marrazkietan dihardu Sanvik?
Bai, kasu honetan, gidoilaria naiz ni, eta marrazkilaria Sanvi. Egia da azkenaldian ni ere banabilela nire kontura marrazkiak egiten, baina Sanvi nigandik argi urteetara dago horretan. Oso marrazkilari ona da, profesional bikaina.
Gidoia sortzerakoan ez duzu marrazkirik egin?
Egia da sarritan ez dela erraza izaten gidoian berbaz azaltzea binetan zer ikusiko den, edota zer esango edo egingo duen pertsonaia bakoitzak. Batzuetan zuk buruan daukazuna besteak zelan ulertuko duen jakitea ez da erraza izaten. Horrelakoetan bai, zirriborro bat gehitzen diet berbei. Baina ni marraztea gustatzen zaion pertsona bat naiz, eta Sanvi da hemen marrazkilaria.
‘Haur Besoetakoa’ nori gomendatuko zenioke?
Haur Besoetakoa hainbat irakurketa geruza izan ditzakeen lana dela uste dut: gaztetxoei zuzenduriko lana da, pertsonaia nagusia ume bat da, eta umeen begiradatik aztertzen dira gure gizarteko gaurkotasuneko hainbat gai. Beraz, umeek irakurri dezaketen komiki bat da, baina helduentzat ere interesekoa izan daitekeena. Istorio guztietan dago atzealde bat, gizarte kritikara bideratutako zati bat.
Ariketa polita da umeen begiradatik aritzea?
Nagusien munduko ustelkeria eta mafia umeen mundura ekartzea da lan honen oinarria. Eta bai, umeen begiradatik aritzea gozamen handia da, ahalbidetzen dizulako gauza agerikoak modu gardenean esatea, gizartean darabiltzagun eufemismoak, gezurrak eta estalkiak alboratuta. Mafaldak ere horixe egiten zuen. Haur Besoetakoa izenburua aitabitxi edo anaia handia berbekin egindako hitz jokoa da.
Bertsolariak bezala, sintesi ahalmena behar al du komikilariak?
Bi mundu dira bertsogintza eta komikigintza, baina egia da badutela zelanbaiteko antzik, eta bertsotarako eskarmentuak laguntzen duela batez ere istorio laburrak sortzerakoan: neurri bat ematen dizutenean, amaiera bat pentsatu behar duzu, logika bat eta indar bat duena, eta ondoren abiapuntu on bat bilatu.
Zure gidoia eta marrazkiak uztartzen dituen proiektua gauzatzeko irrikarik ez daukazu?
Nire umetako ametsa izan da egunen batean hori egin ahal izatea, baina marraztea bertsotan egitea moduan dela uste dut: asko egin behar da ondo egiteko. Nik ez dut asko egin, eta ez daukat asko egiteko denborarik. Orain hasi naiz prentsan noizean behingo kolaborazioak egiten, baina badakit, sorkuntzako beste arlo batzuetan bezala, bizimodu gogorra dela komikigilearena: marraztea oso lan geldoa da, dedikazio handia eskatzen duena.
Erreferentzia zinematografikoak eta metaforak, gizarte kritikarakoUnai Iturriagak eta Alex Sanvik sortu duten hiri imajinarioaren jabe dira Haur Besoetakoa protagonista eta Lolita. Erdi bana gobernatzen dute hiria. “Gure gizartean gertatzen den bezala, Haur Besoetakoa komikiko fikzioan ere mafiaburuen aurrean daude politikariak, eta atzean daude enpresariak, merkatua, droga legal eta ilegalak...”, azaldu du komikiaren gidoia osatu duen Unai Iturriagak. Metaforen bitartez, besteak beste, banku bihurturiko aurrezki kutxen afera eta alderdien finantziazio ilegala ere agertzen dira komikiko istorioetan. Bestalde, egilearen berbetan, erreferentzia zinematografikoz josita dago Haur Besoetakoa: Reservoir Dogs, Tarantino, The Godfather... Laster argitaratuko duten Xabiroi aldizkariari dagokionez, Haur Besoetakoa saila amaitu dela dirudiela aurreratu digu Unai Iturriagak. Ikusteko dago, beraz, sailak jarraipenik izango duen. Baina Alex Sanvigaz elkarlanean jarraituko duela esan du Iturriagak. Dani Fanok Xabiroi aldizkarirako gidoiak idaztea proposatu zionean, bere-berea duen eta umetatik gustuko izan duen mundura bueltatu zela kontatu du Unai Iturriagak. Horri esker bueltatu zela garai batean alboratu zuen zaletasunera: komikiak idazteko eta marrazteko lanera. |