DRT Ohorezko B Mailako lider kokatu da Burgos xehatu ostean

Anboto 2014ko urr. 27a, 13:20

DRT joan zen eguazteneko entrenamendu saioan. (Argazkia: Ainara Petite Madariaga)

Lehenengo minututik azkenera gehiago izan zen Durango Rugby Taldea eta 39-8 menderatu zuen Aparejadores Burgos, ordura arteko liderra.

Arripausueta lepo bete zen atzo eguerdiko errugbi partidua ikusteko. Hitzorduak merezi zuen: bigarren kokatuta zegoen Durango Rugby Taldea eta Aparejadores Burgos liderra, aurrez aurre. Partidu itzela jokatu zuen Ines Etxegibelek zuzendutako taldeak eta xehatu egin zuen Burgos: 39-8. Datorren zapatu arratsaldean Ohorezko B Mailako lider direla bisitatuko du Oviedoren zelaia.

DRTk erritmo bizia markatu zuen hasiera-hasieratik. Laugarren minutua bete orduko lortu zuen lehen entsegua; ondoren, beste sei etorriko ziren. Ondorioz, atzo bost puntu batu zituen: garaipenaren laurak eta lau entsegu baino gehiago lortzearren beste puntu bat. Burgos bere mailatik behera aritu zen, DRTren presioak eta indarrak kokildu balitu lez. Partidu osoan DRTren sistema defentsiboa apurtu ezinik ibili ziren.

DRTren aurtengo zenbakiak ezinhobeak dira: orain arte bost partidu irabazi dituzte eta bat berdindu dute. Oraingoz ez dute porrotik: “DRTk aurten hamargarren denboraldia du Ohorezko B Mailan eta egoera honetan gauden lehenengo aldia da”, adierazi du Joan Manuel Iriondo taldeko presidenteak. Hala ere, “oinak lurrean ditugu”: “Iazko denboraldia ikusita —partidu bat irabazi zuten denboraldi osoan— aurten ez sufritzea zen helburu nagusia eta bide onean goaz. Gainera, aurten titular jokatzen eta maila onean dabiltzanetako asko gazteak dira, DRTko beheko mailetatik datozenak. Horrek ere asko pozten gaitu”.

Ohorezko B Mailako SAILKAPENA.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!