Itsaso Gartzia, Tabirakoko presidentea: "Tabirako ezin duzu egun batetik bestera bihotzetik kendu"

Anboto 2014ko urr. 26a, 10:00

Lau urtez presidenteorde eta beste lau urtez presidente izan ostean, Tabirakoko zuzendaritzan erreleboa behar dela uste du Itsaso Gartziak. Momentuz ez da inor agertu, eta esperientzia ona dela aitortuta, jendea animatu gura izan du. Ez ei da nahitaezkoa saskibaloian aditu izatea, baina bai kirol arlo indartsu bat antolatzea. Tabirako bihotzean eroango duela dio.


Zer dela-eta utziko duzu Tabirakoko presidente kargua?
Nire ustez, kontzeptu desberdinak dira uztea eta ez jarraitzea. Nire legealdia 2015eko ekainaren 15ean amaituko da, eta zortzi urtez Zuzendaritza Batzordean egon ostean, beste pertsona batzuk eta ideia berriak behar direla uste dut.

Zelako esperientzia izan da?
Orokorrean, esperientzia ona izan da, baina zortzi urteotan momentu zailak ere bizi izan ditut. Proiektu honek kateatu egiten zaitu, eta momentu on eta ez hain onak balantza batean ipiniz gero, onek irabazten dute. Oso garrantzitsua da Durangoko gazteen alde lanean zabiltzala jakitea.

Noiztik zaude klubari lotuta?
Gaztetan oso gutxi jokatu nuen, eta, gero, nire hiru umeen harira, berriro sartu nintzen giro honetan. Dagoeneko hamahiru urte daroadaz Tabirakori lotuta. Beti gustatu izan zait laguntzea eta gauzetan inplikatzea.

Bertan bizitako zein momentu on nabarmenduko zenuke?
Bizitza osoan gordeko ditudan momentu on pilo bat dauzkat, benetan. Pare bat aipatzeko, kirol arloari dagokionez, mutilek EBA mailan jokatu zuten denboraldia oso polita izan zen; eta Lehen Mailako nesken iazko denboraldia oso berezia izan zen. Klub moduan, ostera, Tabirakoren 50. urtemuga eta Cafés Baqueren 40. urtemuga gogoraraztea ere berezia izan zen.

Eta kritikak eta kexak?
Kritikak eta eskaerak era onean egiten badira, ez dut sekula eduki edozeri buruz berba egiteko arazorik. Tabirako oso familia handia da, eta beti ezin dituzu gauzak denen gustura egin. Batzuek ez dute hori ulertzen, eta kontra jartzen dira. Urteotan pare bat kasu desatsegin eduki ditut, eta txarto pasatu dut. Baina esperientziak horrelako gauzak kudeatzen ere irakasten dizu.

Jende asko egon da Tabirakon.
Bai. Adibidez, aurtengo denboraldian 710 fitxa egin ditugu, eta 125 bat entrenatzaile dauzkagu. Familiak, lagunak eta zaleak gehitzen badituzu, oso kopuru handia da. 55. denboraldia da, eta, zifrak kontuan hartzen baditugu, durangar piloa pasa da.

Eta zelan dago kluba?
Bizirik eta osasun onagaz. Ez dizut esango kirol arloan inoiz baino hobeto gaudenik, baina oso egoera onean gaude. Sei talde dauzkagu Euskal Ligan, eta gero eta talde gehiago edukitzen dugu urterik urtera. Agian jendea egoera ekonomikoagaz kezkatuta dago, baina ez da txarra. Murrizketa asko egin ostean, eta babesleen laguntza ondo kudeatu eta gero, beldur barik aurrera joateko moduan gaude.

Jokalari gehienak neskak dira. Poztekoa da, ezta?
Poztekoa eta kezkatzekoa. Gero eta neska gehiago dauzkagu, eta gero eta mutil gutxiago. Ezin ditugu neska guztiak hartu, eta zoritxarrez batzuk kalean geratzen dira. Bestetik, aurten eta iaz mutilen taldeak ateratzeko arazoekin ibili gara. 710 jokalarietatik, 520 neskak dira, eta 190 mutilak. Neskei bideratutako kirol aukera aberastu behar dugu, eta udalagaz berba egin izan dugu horretaz. Aukera gutxi daukate, eta saskibaloia denez ezagunena, guztiek Tabirakora etorri gura dute. Baina ez daukagu kantxa eta entrenatzaile nahikorik. Mutilekin alderantziz gertatzen da; elkarte asko dago, eta mutil guztiek Athleticeko jokalariak dituzte eredu.

Heziketa ala emaitza?
Gazteen heziketa oso garrantzitsua da, baina ez dugu ahaztu behar kirol elkarte batean gaudela. Normalean, emaitzak lanaren eta esfortzuaren ondorioak dira.

Udako eskola ere badaukazue.
Proiektu hori nire ume txikia da, ni hasi nintzen egitasmo horregaz. Zazpi ediziotan, Durangaldeko 1.000 ume baino gehiago pasa dira. Aberasgarria da Tabirakorentzat eta Durangorentzat. Hurrengo zuzendaritzak ekintza horregaz jarraitzea espero dut.

Zer behar da Tabirakoko presidente izateko?
Tabirakoren alde lan egiteko prest egotea, modu orokorrean. Aita edo ama bazara, argi eduki behar duzu kluba zure seme edo alabaren taldea baino askoz gehiago dela. Denboraldian barrena zure seme edo alaba dagoen taldearen inguruko erabaki bat hartzea egokitu ahal zaizu, eta ezin duzu dudarik eduki.

Eta inor ez bada agertzen?
Abendurako inor ez bada agertzen, ezohiko batzar bat egingo dugu, bazkideen artean soluzio bat topatzeko. Estatutuek diote, inor agertu ezean, kluba desagertu ahal dela. Horretara ez ailegatzea espero dut.

Klubari lotuta segituko duzu?
Partiduak ikustera etorriko naiz, noski. Zalea izango naiz beti; Tabirako ezin duzu egun batetik bestera bihotzetik kendu. Amaitzeko, eskerrak eman gura dizkiet entrenatzaileei eta zuzendaritzako kideei: Fede, Aitor, Besi, Mertxe eta, bereziki, Ina Mendiberi; presidenteordea eta lagun indartsuena izan da. Esker bereziak Popiri konfiantzagatik, eta baita aurreko presidente Hilariori ere, asko irakatsi zidalako. Beti edukiko dut gogoan guztien laguntza eta esfortzua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!