Mendi lasterketen Espainiako Kopa irabazi du David Garcia durangarrak

Anboto 2014ko urr. 14a, 16:41
David Garcia mendi lasterketan aldapa gora

Krosean ohituago dagoen arren, aurten mendi lasterketetan zentratuta ibili da eta modalitate horretan Espainiako Kopa irabazi du

Gazte-gaztetatik kontuan hartzeko palmaresa osatu du David Garciak (1984, Durango) krosean zein herri lasterketetan; proba mota horiekin alderatuta, mendi lasterketetan hasiberria dela esan daiteke, baina 4X4 ibilgailuen antzera, zoru mota denei aurre egiteko kapaz dela erakutsi du. Joan zen asteburuan mendi lasterketen Espainiako Kopa irabazi zuen, Madrilgo El Escorial proba irabazita.

Iazko Gabon zaharretan zuntz haustura izan zuen Galdakaoko San Silvestre lasterketan eta hilabete geldirik eman zuen. Errekuperatu zenerako amaitzear zegoen kros denboraldia. Mendi lasterketetan zentratzea erabaki zuen. Ez zen izan bat-bateko ideia, aspalditik buruan zerabilen mendi lasterketak serio eta jarraikorrago hartzea. Oier Ariznabarretagaz entrenatzen jardun ostean, ekainean Kopako lehen lasterketan (Cercedilla, Madril) partu hartu eta laugarren amaitu zuen. Ondoren, iraileko bigarren proba (Belmez, Jaen) irabazi egin zuen: “Orduan erabaki nuen lasterketa denetan parte hartu eta Kopa lehiatzea”, gogoratu du. Zaragozako Lonjas herrian jokatutako hirugarren proban bigarren sailkatu zen eta Kopa joan zen asteburuko garaipenagaz errematatau zuen. Oraindik, mendi lasterketa bat falta da txapelketa amaitzeko, baina dagoeneko matematoki berea da txapela.

Mendi lasterketen munduan jarraitzeko asmoa du eta datorren denboraldirako helburuen artean Espainiako txapelketan podiora igotzea dago; horrek Europako txapelketarako sailkapena emango lioke. Aurten laugarren sailkatu eta atarian geratu da. Bere helburuen artean Zegama-Aizkorri lasterketa ere badago. Aurten lehenengoz parte hartu eta Durangaldeko aurrenekoa izan da 49. postuan, baina gehiago eman dezakeela uste du. Hitzordu horiek heldu bitartean krosean jardungo du Durango Kirol Taldeko korrikalariak; kros luzeko Euskadiko txapelketan podiora igotzea izango du helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!