Aurrekoetxea eta Urizar dira faborito gaur, Durangon jokatu diren esku pilota finaletan

Anboto 2014ko urr. 10a, 13:44

Iaz Durangoko pilotalekua lepo bete zen finalak ikusteko. Argazkia: www.bizkaiapilota.com

Kadete mailako eta gazte mailako XXIX. Cafés Baqué Pilota Txapelketako irabazleak Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan erabakiko dira gaur, 19:30etik aurrera. Buruz buruko finalek ez du hautagai argirik, baina orain arteko bidea ikusita, kadeteetan Mikel Aurrekoetxea eta gazteetan Mikel Urizar dira irabazteko faboritoak.


Kadeteetako finalean, Mikel Aurrekoetxea aurrelari lemoarrak Beñat Martitegi atzelari sestaoarra izango du aurkari. Batak zein besteak nagusitasunez irabazi zituzten finalaurrekoak Barturen eta Garciaren aurka, eta merezita heldu dira finalera. Aurrekoetxea sake-errematea baliatzen saiatu daiteke; badaki pilotaren bila joaten eta airez ondo bihurritzen; Martitegik, aldiz, sendo egon beharko du errestoan; pilotari garaia da, beso luzeak ditu, eta bere palanka handiari ahalik etekinik handiena ateratzea izango da bere eginbehar nagusia.

Gazte mailan Mikel Urizar markinarra eta Markel Esain gernikarra izango dira aurrez aurre. Esainek finalerdiak jokatu barik lortu zuen finalerako txartela, Arrizabalaga eskuko minez zegoelako. Urizarrek, aldiz, erraztasun handiz kanporatu zuen Basabe sestaoarra: 22-2.

Bi pilotariak atzelariak dira. Urizarrek pilota gehiago luzatzen du, eta hori arma esanguratsua da buruz buruko partiduetan. Esainek defentsan lan handiagoa izango duela dirudi. Pilota asko eramaten baditu eta kantxan azkar ibiltzen bada, irabazteko aukera izan dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!