Liderra menderatu, eta bigarren kokatu da DRT

Anboto 2014ko urr. 9a, 09:50

Durango Rugby Taldeak indartsu hasi du Ohorezko B Mailako  denboraldia. Lau jardunaldi joan dira, eta Ines Etxegibelen taldeak oraindik ez daki galtzea zer den: hiru partidu irabazi ditu, eta bat berdindu. Ondorioz, sailkapeneko bigarren postuan dago, Burgos liderrarengandik puntu bira.


Joan zen asteburuan, ordura arte lider zegoen Bera Bera menderatu zuen Durangoko taldeak Arripausuetan: 26-22. Iker Hercek, Sabin Goitik eta Mikel Blancok entsegu bana lortu zuten. Gaizka Iturriaga ere zehatz ibili zen zigor kolpeak gauzatzerako orduan. Orain arteko lau partiduetan hemeretzi entsegu lortu ditu DRTk, eta hirugarren postuan dago entseguei dagokienez, Uribealdea (20 entsegu) eta Zarautz (23) taldeen atzetik.

Irabazitako beste partiduak Belenos (31-10) eta Bathco (5-53) taldeen aurkakoak izan dira. Quesos Entrepinares taldearen aurka 20-20 berdindu zuen. Hurrengo partidua Eibarren kontrakoa izango da, urriaren 19an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!