Madrilen egon zara asteon ‘Adios, Chéjov’ antzezlanaren aurre-estreinaldia eskaintzen. Zelakoa izan da harrera?
Antzerkigintzan lan egiten duten lagunei erakutsi diegu antzezlana. Euren inpresioak jaso ditugu, eta funtzioa orrazten joan gara entsegu irekietan. Oso pozik gaude, baina publikoak erakutsiko digu obrak funtzionatzen duen ala ez. Baldintza zailetan atera dugu proiektua aurrera, eta asko eskertzen ditut hainbeste inplikatu diren kolaboratzaileak.
Obraren egilea eta zuzendaria zara, beraz, inplikazio berezia izan duzu proiektu honegaz.
Bai, baina Geroa antzerki taldean aritu nintzen sasoian ikasi nuen zuzendaria testuari lotuegia dagoen prozesua ez dela dirudien bezain ona. Obra honetan testua beste batena balitz bezala saiatu naiz jarduten: saiatu naiz testutik aldendu, eta aktoreen lanean asko oinarritzen. Testua aitzakia da antzerkia egiteko, baina antzerkia gauzatzen da izaki bizidunek oholtzan gorpuzten dutenean. Aktoreak ematen dio bizitza.
Zer dela-eta Chéjov?
Gogo handia neukan bere testuekin lan egiteko: oso gustuko dut nire lanetan giza harremanei buruz berba egitea, eta Chéjov maisua zen horretan. Sufritzen dugun gizagaixo guztiei buruz ziharduen Chéjovek bere lanetan. Gu guztiotaz. Bizi osoan neure iritzi politikoa garatzen saiatu naizen arren, uste dut artistikoki ez naizela batere politikoa. Emozioei eta harremanei buruzko testuekin nabil askoz gusturago. Nire lanean iparrorratz dudan Chéjoven esaldia bota nien kideei lehenengo egunean: “Santuez, demonioez eta ergelez idazten dute nire ingurukoek; santuak eta demonioak saihestu ahal izan ditut nik, baina ergelak saihetsezinak ditut”.
Nondik dator obraren ‘Adiós, Chéjov’ izenburua?
Paustovskik bere autobiografian kontatzen duen anekdota bat dago oinarrian: Errusiako iraultzaren hasieran, bere etxeko leihotik bala bat sartu zela eta horman zeukan Chéjoven argazkia jo eta behera bota zuela kontatzen du bertan. Ideia horretatik tiraka hasi nintzen deabruak hartu banindu bezala idazten, eta egun gutxitan amaitu nuen gidoia.
Zure ibilbidean berezia da bizi duzun momentu hau?
Bueltatzearen sentsazioa daukadalako da berezia, bai; 38 urtegaz utzi nuen Geroa antzerki taldea, bertan 20 urtez jardun ostean. Idazteari, zuzentzeari eta eskolak emateari ere utzi nien, eta Madrilera alde egin nuen. Obra honegaz Durangora bueltatzea sendagarria da. Oreka berreskuratu dudala sentitzen dut.
Zer bide egingo du obrak?
Durangoko estreinaldiaren ostean ikusiko dugu aukera berririk sortzen den. Domekan, Madrilen estreinatuko dugu eta, urrian eta azaroan, bertan egoteko asmoa daukagu. Jendeak ikusi dezan nahi dugu, noski.
Zelakoa izan zen zure hasiera antzerki munduan?
Oso zaila izan zen, oso aurkako giroan genbiltzalako. Gogoan dut Jesuitetako lagunei esan nienean antzerkitik bizi nahi nuela, barre egin zidatela: norbaitek gaur egun sugeak dantzaraztetik bizi nahi duela esatearen parekoa zen. Baina lortu genuen. Oso gogorra izan zen Geroa utzi, eta zer bide jarraitu ez jakitea; eta zaila berriro indarra hartzea.
Zerk gaiztotzen zuen giroa?
Inork ez zuen ulertzen zertan genbiltzan, eta ez geneukan inoren laguntzarik. Gogoan dut Eusko Jaurlaritzako lehenengo sailburuak zera esan zigula: “Nik milioi pilo handi bat baneuka ere, sekula ez nizueke zuei emango, euskal antzerki nazionala, letra larriz idatzitakoa, egiten ez duzuen artean”. Jendeak ez zuen ulertzen antzerki profesionaleko talde batek zer demontre egiten zuen Durangon.
Gaur egun, aldiz, antzerki amateurrak badihardu bidea egiten Durangaldean?
Bai, ezagutzen dut Banarte eta Txintxaun taldeen lana, esaterako, eta eurekin kolaboratu izan dut ikastaroak ematen. Uste dut Geroak utzi zuela hazirik, eta asko pozten nau guri hainbeste kostatu zitzaiguna gaur egun errazagoa dela ikusteak.
Madrilen sortzen ari dira bestelako proiektuak.
Antzerki areto berri asko zabaltzen dabiltza, adibidez, bai. Dinamismo handia dago; krisiaren gainetik, badago aurrera egiten duen jendea antzerkian ere. Aniztasun handia dago, eta horrek oso harreman eta elkarlan aberasgarriak sortzen ditu.