Estefania Uriarte, estilista: "Batzuk ikastera etortzen dira, eta beste batzuk erosotasun eta segurtasun bila"

Anboto 2014ko ira. 22a, 09:25

ETB1eko 'Itxuroso' programan irudi aldaketak proposatzen dizkie parte-hartzaileei Estefania Uriarte estilista durangarrak. Moda, joerak, bisajismoa, estilismoa... Mundu horretan dihardu Estefania Uriartek Jaione Amantegi amagaz batera (‘jaioneamantegi.com’). Bere azken proiektua Jon Kortajarenagaz izan da.

Zer-nolako esperientzia izan da ETB1ekoa?
Esperientzia oso polita izan da. Eguneroko lanagaz alderatuta ezberdina izan da. Bisajismoa egiterakoan pertsona bat izaten duzu aurrean, eta lan tekniko bat dago horren atzean. Programan, pertsona ikusi beharrean, argazkia ikusten nuen.

Zer da bisajismoa?
Bisajismoan, ikerketa baten bitartez, neurri batzuk hartzen dira morfologikoki, eta, adibidez, ile, kolore, makillaje eta bekain egokiak zeintzuk izan daitezkeen jakitea lortu daiteke. Arrakala laburrak edo luzeak hobeto zergatik gelditzen diren ere azaltzen du. Beraz, aurpegiaren ikerketa osoa egitea da. Arkitekto batek plano batean egiten duen antzeko lana da. Ez da moden edo joeren arabera egiten.

Estudioan zer beste zerbitzu eskaintzen duzue?
Guk egiten duguna irudia ikertzea da. Estilismoa, ile apainketa zerbitzua, fotografia, moda kontuak eta kolorea lantzen ditugu. Ezkontzak ere egiten ditugu.

Jendea zeren bila joaten da zuengana?
Batzuk ikastera etortzen dira, baina normalean erosotasuna eta segurtasuna gura dute. Aholkularitza orokorra gura izaten dute askok. Armairuan zer duten ikusi, eta bakoitzaren bizimoduaren araberako janzkera osatzea. Estilismoa lantzerakoan, sarritan erosketak egitera joaten gara beraiekin. Etortzen diren beste batzuk, ordea, oso lanpetuta dabiltza, eta arropak estudiora ekartzen dizkiegu.  

Garestia da?
Gau batean afaltzera joatea eta horretaz disfrutatzea garestia da? Nik horregaz alderatzen dut. Bisajismo eta estilismo zerbitzuak 110 eurokoak dira, esate baterako. Jende asko denboraldika etortzen da.

Zure moduko bat kuadrillan izatea zoragarria izango da aholkua eskatzeko.
Asteburuetan bezero eta lagunen WhatsApp mordoa jasotzen dut argazki eta guzti. Ezkontza bat edo zer edo zer izaten badute, dituzten aukerak zeintzuk diren azaltzeko bidaltzen dizkidate. Edo sarritan gertatzen zait, adibidez, zerbait hartzera irten, eta lagunek galdetzea ea zein koloregaz margotuko dituzten begiak. Nire lana asko gustatzen zait, eta eskerrak!
 
Itxura aldaketetan beldur handienetakoa ilea mozteak sortzen du?
Jendea estudiora datorrenean kolore aldetik gehiago ausartzen da, baina egia da ile kontuetan sartzen zarenean gehiago kostatzen dela. Estudioan sartzen dena normalean aldaketa bat egiteko prest egoten da, baina aldaketa ez da zertan erradikala izan. Aldaketa txikiak izan daitezke.

Emakumeak edo gizonak joaten dira gehiago zugana?
Emakumeak askoz ere gehiago etortzen dira. Baina azken urtean gizonak etortzen hasi dira. Hasieran enpresariak ziren, baina gero eta gehiago etortzen dira 22 urte inguruko mutilak, erosketak egitera.

Jon Kortajarenagaz ere aritu zarete proiektu batean.
Jon Kortajarena film labur bat grabatzen dabil Los Angelesen. Proiektu horretako argazki batzuk Xabik egin ditu, gure argazkilariak, eta ile apainketa eta makillajea Bilbon egin genituen. Itxuroso amaitu ondoren ekin genion lan horri.    

Durangaldeko bezero ugari dituzue.
Lehen estudio bi genituen, Durangon eta Bilbon. Durangarrak garenez, eta hemen hasi ginenez, pena ematen zigun Durangokoa zarratzeak, baina bi lekuetan egotea oso zaila zen. Jendeak ulertu du hori, eta Durangoko estudioko bezero asko Bilbora etortzen dira. Durango, Zornotza, Elorrio... Donostiako eta Gasteizko jende asko ere etortzen da. Ezkontzak ere lantzen ditugunez, leku askotako bezeroak ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!