Goienkaleko jaiak hasiko dira gaur iluntzean

Anboto 2014ko irailaren 19a

Iluntzeko 20:00etan jaurtiko duten txupinazoagaz hasiko dira gaur Goienkaleko jaiak. Batez ere asteburuan egongo dira ekitaldiak, baina datorren eguaztenerako ere prestatu dute egitaraua. Izan ere, hilaren 24ko Mesedeetako Amaren egunaren bueltan ospatzen dira Goienkaleko jaiak. Edozelan ere, kaleak eta ostalaritzak hartuko dute protagonismoa Dendak Bai elkarteko tabernek eta udalak antolatutako egitarauan.


Gaur, txupinazoaren ostean, Sugarri txaranga eta buruhandiak ibiliko dira kalean gora eta behera. 23:30ean, DJ bategaz jarraituko du jai giroak. Bihar, 12:30ean musika eta buruhandiak etorriko dira berriro. 13:30ean, sardina-jana egingo dute, jaietako ekintza arrakastatsuenetakoa. Arratsaldean mus eta igel txapelketen txanda izango da, eta iluntzetik aurrera musika egongo da. Domekan, 12:00etan ekingo diote giroa alaitzeari. 13:00etarako Tabira Musika Bandaren kontzertua iragarri dute, eta arratsaldean umeentzako ekintzak eta txokolatada prestatuko dituzte.

Eguaztenean amaituko dira jaiak, Ama Birjinaren egunean. 12:00etan, pintxo banaketa egingo dute tabernetan, eta, 14:00etan, bazkaltzeko elkartuko dira. 19:00etan, meza egongo da Santa Anan, eta, ostean, musikagaz agurtuko dituzte jaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!