Kulturalak futbol eskola sortu du gaztetxoentzat

Anboto 2014ko ira. 3a, 10:24

Iazko gaztetxoen campuseko irudi bat. Durangoko Kulturala.

Durangoko Kulturalak 2005. eta 2008. urteen artean jaiotako gaztetxoei bideratutako futbol eskola eskainiko du urriaren 6tik 2015eko ekainera. Eskolak astelehenetan izango dira, eta ordu bi daude aukeran: 17:00etatik 18:15era eta 18:15etik 19:30era.  

Futbolaren oinarriak irakasteaz gainera, kirolerako zaletasuna sustatzea eta gaztetxoen artean balioak (errespetua eta adeitasuna, esaterako) lantzea ditu helburu.

Futbol eskolak 60 gaztetxorentzako tokia izango du lehen urte honetan. Matrikulak 70 euro balio du (izena ematen dutenek Kulturalaren arropa jasoko dute opari), eta hileroko kuota 25 euro da. Hamabi plaza beharrizanean dauden familientzat gorde dituzte, eta “%20ko deskontua izango dute”, Eneko Erdoiza Kulturaleko harrobiaren arduradunak adierazi duenez. Beste hamabi plaza neskentzat gorde dituzte. Kasu bi horietan irailaren 15ean amaituko da izena emateko epea (eskola@culturaldurango.org). Gainerakoek urriaren 1a dute izena emateko azken eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!