Lauka konpainia gaztearen ‘Amodioaren ziega’ antzezlana hautatu dute Zubi lehiaketan

Anboto 2014ko abu. 27a, 11:54
Eneko Sagardoy, Joana Ocaña eta Nazaret Froufe eskualdeko aktoreak dira proiektu horretako partaideetako batzuk.

Lauka Teatroa konpainiaren Amodioaren ziega egitasmoa hautatu dute antzerki sorkuntzarako Zubi lehiaketako antolatzaileek 2014ko deialdiko saridun, egitasmoaren webgunean jakitera eman dutenez.

 

Lauka Teatroa antzerki talde sortu berriaren proiektua babestuko dute Zubi ekimena bultzatzen duten Euskal Herriko antzerkigintzako eragileek; proiektua gauzatzeko diru-laguntza eta aholkularitza artistikoa eta ekimeneko partaide diren antzokietan obraren sorkuntza prozesua burutzeko egonaldiak egiteko aukera emango diete, batetik, eta lana amaitzen dutenean Amodioaren ziega aurkezteko emanaldiak egin ahalko dituzte Zubi ekimenaren parte diren antzokietan.

Durangaldeko hainbat kidek osaturiko taldea da saridun hautatu duten Lauka Teatroa. Urki Muguruza zarauztarragaz batera Durangaldeko hiru aktorek dihardute konpainia berri horretan: Eneko Sagardoy eta Joana Ocaña durangarrek eta Nazaret Froufe berriztarrak. Durangoko Karrika antzerki taldeko partaideak dira hiru aktoreak.

Aitor eta Mirenek osaturiko bikotearen istorioa da Amodioaren ziega obraren muina; kartzelan preso dagoenaren, eta bisitan doakion bikotekidearena; “aske izan eta bizirik sentitzeko eskubideagatik borrokan” diharduten pertsonaiena.

Xabier Mendigurenek idatzitako gidoian eta olerkietan dago oinarrituta Amodioaren ziega. Hain zuzen, irakurtaldien eta inprobisazio saioen bitartez, testu horiek eszenara zelan eraman lantzen jardun dira aktoreak, uztailean Durangoko San Agustin kulturgunean egin duten lehenengo egonaldi artistikoan.

Antzezlana Leioako Kultur Maratila jaialdian estrenatu orduko, irailean Leioan eta azaroan Zumaian elkartuko dira Laukako kideak, antzezlanaren prestaketan buru-belarri jarduteko.

Lauka taldearen proiektuaz gainera, beste hiru egitasmo gauzatzen ere lagunduko du Zubi egitasmoak, aurten: Metrokoadrokoa, Ze Onda eta Hautsi antzerki taldeenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!