Bizkaia-Durangoko txirrindulariek bost domina irabazi dituzte Espainiako txapelketan

Anboto 2014ko eka. 30a, 09:59
Anna Ramirez erdian, San Sebastian eta Olaberriak eutsita
Leire Olaberriak erlojupekoan eta Anna Ramirezek (Kataluniako selekzioagaz) errepidean, urrezko dominak irabazi dituzte. Errepideko lasterketako podiuma Bizkaia-Durangoko hiru txirrindularik osatu dute.

 

Ponferradan (Gaztela Leon) lehiatutako Espainiako txapelketak emankorrak izan dira Bizkaia-Durango taldearentzat. Leire Olaberriak urrezko domina kolkoratu zuen erlojupekoan, berarentzako aproposa zen ibilbidean. Lointek taldeko Belen Lopez sailkatu zen bigarren (24 segundora) eta Anna Ramirez hirugarren (42 segundora). Ramirez Bizkaia-Durango taldeko txirrindularia da, baina Kataluniako selekzioagaz lehiatu ditu Espainiako txapelketak.

Errepidean oraindino emaitza hobeak lortu zituen Bizkaia-Durango taldeak. Podiumeko lehen hiru postuak eurentzako izan ziren. Anna Ramirezek irabazi zuen lasterketa eta Irene San Sebastian eta Leire Olaberria sailkatu ziren bigarren eta hirugarren.

Ondorioz, Bizkaia-Durangok bost dominekin amaitu ditu Espainiako txapelketak: urrezko bi, zilarrezko bat eta brontzezko bi.

 

Leire Olaberria erlojupekoa irabazi ostean urrezko dominagaz. Bere eskumaldean Anna Ramirez brontzeagaz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!