Mugarrako mendi hegaletatik Sapubike martxa domekan

Anboto 2014ko ekainaren 28a

Domekan hirugarren aldia egingo du Durango MTB taldeak antolatzen duen Sapubike mendi bizikleta martxak. 09:00etan ipini dute hitzordua, Tabiran. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, 08:00etatik aurrera. Internet bidezko izen-ematea amaituta dago eta 362 lagun apuntatu dira.


Ibilbide bi prestatu dituzte: 25 eta 31 kilometroko bana. Mugarrako mendi hegaletik zehar ibiliko dira parte-hartzaileak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbidea iazko bera izango da aldaketa txiki batzuekin: igoeraren bat kendu, eta jaitsiera berri bat gehitu dute. Gogortasunik gehitu barik, ibilbide “dibertigarriagoa” egiten saiatu direla adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, ibilbide “zorrotza eta teknikoa” izaten jarraitzen duela abisatu dute.


Martxa amaitzen denean, parte-hartzaile bakoitzari Sapubiken kamiseta bat oparituko diote; urtero legez, diseinu berri bat sortu dute aurtengo aldirako. Sari banaketaren ostean, askotariko erregaluak zotz egingo dituztela ere jakinarazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!