Musika beltza, soula, jazza eta musika latinoa ipintzen duen Global Funkers kolektiboko kidea den Satte DJa ariko da, 00:00etatik aurrera, Platerueneko amaiera jaia girotzen. Horren aurretik, 23:30ean Begira Lagun saria zozkatuko dute, jaialdia finantzatzeko euren ekarpena egin dutenen artean.
Jaialdiaren azken txanpa honetan erakusketez gozatu nahi duenak badu oraindik aukerarik: domekara arte egongo dira zabalik Godzillaren Merkatu plazako Cabanga, eta Rous Boisierren Pérdida eta Goiuri Aldekoa-Otaloraren Bosnian Déjà Vu biltzen dituena, esaterako.
Argazkigintza garaikidea ahal beste zabaltzeko helburuz, zortzi erakusketa, sortzaileekin hainbat solasaldi, proiekzioak, eta tailerrak eskaini ditu Begirak beste urte batez Durangon.