Ford A eta Isetta lako auto klasikoak ikusteko aukera dago zapatuan Landako Gunean

Anboto 2014ko eka. 24a, 16:38

Eskuko Racing klubak antolatuta auto klasikoak Durangaldeko bideetatik ere ibiliko dira

 

Durangoko Eskuko Racing klubak auto klasikoen laugarren erakustaldia antolatu du zapatuan. Ordu batzuetan Landako Erakustazokan egongo dira ikusgai, baina eguneko zatirik handienean eskualdeko bideetatik ibiliko dira, erakusketa mugikor baten antzera.


Izen-emateak kontuan hartuz 50 bat auto batuko dira zapatuan, baina aurreko urteetan gertatu den moduan, “kopuru hori hazi egin daiteke azken unean batzen direnekin”, adierazi du Javat Morales klubeko presidenteak. Auto denek dute bere berezitasuna, baina badira batzuk jendearen harreta gehiago erakartzen dutenak: esaterako, Ford A, Isetta, Seat 125, Seat 850 eta Eskarabajo lako autoak ikusi ahalko dira.


Auto denak Tabiran batuko dira 09:00etan. Egunean zehar hiru ibilaldi egingo dituzte. Lehenengoa herrian bertan izango da, Durangotik irten barik. Handik Goiuriara joan, hamaiketakoa egin eta bigarren ibilbideari ekingo diote: Garai, Traña-Matiena, Zelaieta, Apata, Axpe, Apata, Durango. Hirugarren ibilbidearen gaineko xehetasunik ez dute eman: “Sorpresa izatea gura dugu”. Parte hartzaileek Landako Erakustazokan egingo dute bazkaria eta han dauden bitartean (13:30-17:30) autoak gertutik ikusteko aukera izango du autozalea den edonork.

 

ORDUTEGIA


- 09:00: Ongietorria Tabiraparkean.
- 11:00: Lehen ibilbidea.
- 11:30: Hamaiketako Goiuriko Ikuspegin.
- 12:15: Bigarren ibilbidea.
- 13:30-17:30:  Erakusketa, bazkaria eta sari banaketa Landako Erakustazokan.
- 19:30: Hirugarren ibilaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!