II. Gau Irekia ospatuko da barikuan, Dendak Bai elkartearen eskutik

Anboto 2014ko eka. 10a, 12:53
Gauez ere erosketak egiteko aukera egongo da barikuan Durangon, Dendak Bai elkartearen ekimenez II. Gau Irekia ospatuko da eta.

28 merkatarik parte hartuko dute; hogei dendak dira eta gainerakoak ostalaritzakoak. 23:00ak arte egongo dira zabalik, eta tarte horretan hainbat promozio eta deskontu egingo dituzte, aurkezpenean Santiago Reyes antolatzaileak azaldu zuenez.

Kulturari garrantzia emango diote, gainera. Adibidez, komertzioen erakuslehioetan margolanak edo musika sortuko dute zenbait artistek. Alde Zaharrean musika eskainiko dute, eta mago bat ere ibiliko da kalerik kale. Ezkurdin, 20:00etan, dantza eta kirola batuko dituzte Sh’Bam klase bategaz.

Eusko Jaurlaritzak eta udalak diruz lagundu dute ekimena. Aitziber Irigoras alkatearen ustez, “merkatariek bizia ematen diote” Durangori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!