Nerea Mujika Gerediagako presidenteak eta Aitziber Atorrasagasti gerenteak eman dute egoeraren berri, eta azokaren guneetako kideak ere han egon dira babesa ematen. Azaldu dutenez, iaz 56.000 euroko defizita eduki zuten. Gainera, oraindik ez ei dakite aurtengo finantzazio publiko osoa zenbatekoa izango den, eta "lehenbailehen" jakin behar dutela ohartarazi dute, horrek azokaren diseinuan eragina edukiko duelako. "Aurreko urteetako ildotik badatoz laguntzak, jasangaitza izango da egoera. Emergentziazkoa". Iaz %43koa zen laguntza publikoa. Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroko laguntza dauka aurreikusita aurtengo ediziorako.
Mujikaren esanetan, "Azokak Euskal Herri osoaren babesa dauka, eta Euskal Herriaren egituratzean estrategikoa da". Urtero 100.000 bisitari jasotzen dituela gogoratu dute, eta horrek eragin kulturalaz gainera ekonomikoa ere badakarrela esan dute. "Ez al du horrek merezi administrazioaren babesa?", adierazi du presidenteak. "Azoka bermatzeko, eta lana baldintza duinetan egiteko, bitartekoak jarri behar dituzte erakundeek. Finantzazio handiagoa behar dugu".
Alderdien partetik erantzun ona jaso dute, baina erabaki irmorik ez. EAJko Pello Iparragirrek azaldu du ulertzen dutela euren kezka. "Eskaera jasotzen dugu, eta aztertuko dugu zer egin litekeen etorkizuna bermatzeko". EH Bilduko Estitxu Breñasek esan du bat egiten dutela Durangoko Azokaren proiektuagaz, eta begi onez ikusi ditu azken urteetan zabalpenerako emandako pausoak. Euskal Herriari ekartzen dion onura, baina batez ere Durangaldeari dakarkiona nabarmendu du Breñasek. 150.000 euroak ematearen alde agertu da, eta Jaurlaritzaren egungo eredua kritikatu du, Durangoko Azokari 80.000 euro ematen dizkion bitartean Guggenheimi 3,5 milioi euro ematen dizkiolako.
PSE-EEko Vicente Reyesek esan du euren ustez Durangoko Azoka garrantzitsua dela, eta PPko Carmelo Barriok inplikatu beharra dagoela uste du. Dirua ematearen alde agertu da: "Sentsibilizatuta gaude eta pausoak eman behar direla uste dut".
Mujikak Legebiltzarrean hartu izana eskertu du, baina akordiora ailegatzeko gonbidapena egin die alderdiei. Gaur egungo ereduari, elkarlanekoari, eutsi gura diote etorkizunean, eta horretarako diruz laguntzea eskatu du. "XXI. mendeko azoka osatu, kalitatezko eta moderno bat nahi dugu".