Dantza eta antzerki ‘ulergarriari’ loturiko Arymux konpainiako zuzendaria zara. Zein da taldearen helburua?
Arymux konpainiaren helburua da denetariko publikoarentzat ulergarriak diren ikuskizunak sortzea. Esaterako, antzerkia, dantza eta poesia uztartzen ditugu horretarako. Ez dugu ezintasunen bat duen jendearentzako ikuskizun berezirik sortu nahi, edozelako pertsonak gozatuko duen ikuskizuna sortzea da helburua. Ni musikaren mundutik nator, eta zeinu-hizkuntza ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen posible zela, esaterako, gorrek ere goza dezaketen ikuskizun bat sortzea. Zeinu hizkuntza eta hainbat diziplina artistiko uztartuta egiten dugu lan.
Zelakoa da Plateruenean eskainiko duzuen ‘Bailando el silencio’ ikuskizuna?
Zeinu-dantza ikuskizuna da; besteak beste, Italian, Andaluzian eta Madrilen erakutsi izan dut. Durangoko kasuan, 30 lagunek hartuko dugu ikuskizunean parte: aktoreak, dantzariak, abeslariak, zeinu-hizkuntzaren interpreteak, umeak eta helduak. Gainera, hainbat dantza estilo erakutsiko ditugu. Sentsibilizaziorako modu bat ere bada ikuskizun hau elkarrekin eraikitzea bera, nahiz eta lan handia eskatzen duen.
Zer teknika edo baliabide darabilzue ikuskizuna denontzat ulergarri egiteko?
Puxikak banatzen dizkiogu publikoari, esaterako, gorrak diren pertsonei musikaren bibrazioak transmititzeko. Emanaldian, bestalde, zeinu-hizkuntzaren interprete bi egongo dira oholtzan, beste hainbat interprete egongo dira publikoan, eta kanta guztiak emango ditugu zeinu-dantza erabilita. Entzuten duenak zein entzuten ez duenak, denok ikuskizun bera elkarrekin gozatzea da gure helburua.
Zelan sortu da Rio de Orogaz elkarlana?
Benetan lan polita egiten zebiltzala iruditu zitzaidan, euren proiektua zein den azaldu zidatenean. Ondoen dakidan moduan kolaboratuko dut Rio de Oro elkarteagaz: nire ikuskizuna eskainita. Iaz ezagutu nuen elkartea, eta baita hemen egon ziren ume saharauiak ere. Harreman jarraitua daukagu ordutik hona, eta horrela sortu da emanaldi hau egiteko aukera.
Asko dago egiteko inor kanpo uzten ez duten kultura emanaldien arloan?
Bai, asko dago arlo horretan egiteko. Azken batean, kulturaren, hezkuntzaren eta urritasunen munduak dute gai horregaz lotura, eta, hain justu, hiru alor horiek dira murrizketek gehien eragin dituztenetariko batzuk. Iruditzen zait gizarteak inbertitu behar duela horretan. Zeinu-dantzan jendea hezten dihardut Espainiako estatuan eta Italian: beharrizana dagoen erakusle. Lan asko dago egiteko, eta horrela harresi eta aurreiritzi asko apurtzea lortuko dugu. Betiere, profesioari eta publikoari errespetu handiena erakutsita.