‘Hodeiak zapatetan’ poesia liburua aurkeztera etorriko da Mikel Etxaburu, bihar

Anboto 2014ko mai. 29a, 10:44
Durangoko Hitz liburudendan elkartuko da Mikel Etxaburu literaturazaleekin, bihar.

 

Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969) ariko da bihar, 19:30ean, Durangoko Hitz liburudendan, Hodeiak zapatetan bere poesia liburuko olerkiak errezitatzen. Susa argitaletxeagaz argitaratu duen liburuko olerkiak irakurriko ditu Etxaburuk. Idazlan bakoitza egitera bideratu duten pentsamenduak eta sentimenduak ere partekatuko ditu literaturazaleekin: bere lana azaltzeko eta kokatzeko. Bestalde, olerkiekin lotutako irudiak eta soinuak ere eskainiko ditu emanaldian.

Idazle ondarroarraren berbetan, “errezitatzeko, ahoz gora irakurriak izateko sortuak dira olerkiok: pentsatzen baitut poesiaren hurrengo urrats naturala dela sozializatzea, kontatzea. Ez dut nahi olerkiak liburu formatuan harrapatuta geratzerik”.

2013. urtean idatziriko poemak dira Hodeiak zapatetan liburukoak. “Kartzela, atzerria, hutsunea, konpromisoa eta konpromisoaren oinarrian dagoen maitasuna” dira liburuko olerkien ardatz nagusietako batzuk. Espetxealdiak eta kartzela osteak gurutzatzen dute liburua.

Zeu zara orain txoria bere lehenengo poesia liburua kartzelan idatzi zuen Etxaburuk. “Kanpora begira idatzi nuen hura”, azaldu du egileak: “kanpokoari erreferentziak eginez”. Lau urte daramatza Mikel Etxaburuk libre, eta bere berbetan, "bigarren liburu hau kanpoan idatzi dudan arren, burua barrura joaten zitzaidan idaztean: oskola, oroitza, itxitasuna eta estutasuna dira gehien errepikatzen diren elementuak”. Etxaburuk dioenez, “horrek badauka arrazoi bat: udazkenean epaiketa izango dugu berriro. Horrek berriro dakartza zalantzak eta beldurrak, eta mamu horregaz idatzirikoak dira olerkiok”.


Gerezi gorriak olerkiagaz amaitzen da liburua. Horixe da egilearen alerik maiteena, esperentzari atea zabalik uzten diona: “Gauza asko esaten saiatu naiz olerki horretan, eta hori ere azaldu nahi dut Durangon”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!