Gaur, zapatua, 17:00etan jokatuko dute Tabirakok eta Mondragon Unibertsitateak lehen finalerdia. Bigarren finalista Azpeitia-Azkoitia eta Deusto-Loiolaren artetik irtengo da; 19:00etan hasiko da partidua. Irabazleek domekan, 12:00etan, jokatuko dute finala. Mondragon da igotzeko faborito nagusia. Tabirakok irabazi egin zion denboraldi aurreko Baque Torneoan, baina harrezkero izandako neurketak galdu egin ditu. Mikel Larrañaga jokalariaren ustez, ondo jokatuz gero, irabazi dezaketen partidua da. Mondragonek kanpoaldetik jokalari trebeak ditu, eta horiek estu lotu beharko dituzte. Bestetik, barrualdean Tabirakok joko sendoagoa du, eta horri etekina ateratzen saiatuko dira.
Emakumeak ezin igo
Emakumeek ezin izan dute Emakumeen 2. ligarako igoera lortu. Azkenean, etxeko taldea igo da, azken urteetan hainbat igoera fase jokatu dituen Universidad Salamanca. Tabirakok Salamanca eta Donostia Basket taldeen kontrako partiduak galdu, eta Galiziako Lourenzaren aurkakoa irabazi zuen. Klubeko ordezkariek adierazi dute harro sentitzen direla taldeko jokalariekin eta entrenatzaileekin.
Gazteak ere goi mailan
Tabirako gazteen taldeak Bizkaiko lau talderik onenen arteko finala jokatu du Zornotzan. Unamuno faboritoaren eta Leioren kontra galdu, eta Loiolaren aurka irabazi egin zuen. Azkenean, hirugarren amaitu zuen. Iskander de Dios entrenatzaileak jokalariek denboraldi osoan izandako jarrera goraipatu du: “Entrenatzaile legez izan dudan denboraldi onenetakoa izan da aurtengoa”.