"Amets hori genuelako heldu gara gaur egungo errealitatera"

Anboto 2014ko mai. 23a, 12:00
Berbaroren 25. urteurreneko ospakizunak elkartearen ibilbidean lanean jardun duten hainbat lagun batuko ditu bihar, Platerueneko bazkarian. Amaia Zarrabeitia eta Arantxa Agirre dira, beste hainbat euskaltzalerekin batera, Berbaroren lehenengo pausoen lekuko.


Zelan hasi zineten Berbaron lanean?
Amaia Zarrabeitia: Erazetik joan nintzen Berbarora. Ikasketak amaitzeko ikasgai bat falta zitzaidan, eta salto naturala izan zen. Zuzendaritza mailan hasi, eta, ondoren, Berbaroko administraziora joan nintzen.
Arantxa Agirre: Berbaroren sorreran Andoni Mujikak, Juan Luis Ertzillak, Gorka Barruetabeñak eta beste askok jardun zuten. Lantalde ugari zeuden martxan, eta ni irakaskuntza taldean hasi nintzen. Ondoren, zuzendaritzan sartu nintzen, eta, beranduago, 1995ean, presidente kargua hartu nuen. Amaia, uste dut lekukoa zuri pasatu nizula.

Sasoi hura zelan gogoratzen duzue?
A.Z.: Nik gogoratzen dut oso gaztea nintzela –oso gauza garrantzitsua–, ilusioa, konpromisoa, militantzia... Indar hori guztia gogoan dut. Sortzen eta asmatzen genbiltzan. Arrasate zen gure erreferente, edo Lasarteko Ttakun beste gauza batzuetarako. Aldea itzela zen. Arrasate inguruan erakundeen oso babes handia zuten. Guk ez geneukan baliabide ekonomiko hori. Lantaldeen beharra oso garrantzitsua izan zen, baina baita Juan Luis Ertzillaren ikuspuntu finantzieroa ere. Taberna martxan jartzerako orduan oso inportantea izan zen. Beranduago, beste elkarte batzuen erreferente izatera pasatu ginen.

Zelako zailtasunak izan zenituzten?
A.Z.: Politikoki beste sasoi bat zen. Gaur egun, euskararen arloan, gizarte mailan, adostasun zabalagoa dago, zailtasunak egunero topatzen ditugun arren. Alde batekoek beste aldekoak ginela esaten ziguten, eta beste aldekoek, berriz, aurkako aldekoak ginela.
A.A.: Elkartea erdian mantentzea eta ez lerrokatzea zaila izan zen.

Berbaro elkartean jardun duten pertsonen bizipenak batzen dabil Berbaro, 25. urteurrena dela-eta. Zuek baduzue baten bat?
A.A.: 1994an, presidente nintzela, ETBn Hitzetik Hortzeraren aurretik zegoen programakoak etorri ziren. ETB1en eta ETB2n ematen zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. “Zer da Berbaro?”, galdetu zidaten, eta hogei segundotan erantzuteko eskatu zidaten. Amaitu orduko eten ninduten. Eta, gero, berdina esan behar nuen gaztelaniaz, oraindik gaitzagoa. Gustatuko litzaidake irudi horiek Euskal Telebistako artxibotik hartu eta ikustea.
A.A.: Anekdotak gogoratzeko desastre samarra naiz. Gogoratzen dut Erazen urteurrena antolatzea egokitu zitzaidala. Herri guztietan ekitaldiak antolatu genituen, eta Berrizen jaialdi handi bat egin genuen.
Zelako garapena izan du Berbarok urte hauetan?
A.A.: Eraz, Anboto, Plateruena, udalaren Euskara Zerbitzua, udalekuak, Haur Literatur Aretoa... Taberna txiki gelditu zen, eta Plateruena bultzatu genuen. Aita euskaraz irakurtzen ikustea edo nire alabek udalekuak euskaraz izatea herrian errotuta dauden lorpenak dira.  
A.Z.: Lortutako hori guztia jende askoren ahaleginaren emaitza da. Amets hori genuelako heldu gara gaur eguneko errealitate honetara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!