Korrikalariz beteko dira Durangoko kaleak domekako herri krosean

Anboto 2014ko mai. 6a, 12:34
Iaz 500 parte hartzailetik gora ian ziren herri kroseko lehen aldian
Iazko lehen aldiak izandako harrera onaren ondoren, aurten herri krosaren bigarren aldia antolatuko du Mugarra triatloi taldeak.

 

Domekan II. Herri Krosa antolatuko du Mugarra triatloi taldeak Durangoko kaleetan zehar. Iaz 500 parte hartzailetik gora izan ziren eta aurten kopuru horren bueltan ibiltzea itxaroten dute. Korrikalari guztiek Bizkaiko Federazioak homologatutako ibilbide batean lehiatuko dute.

Herri krosa 10:00etan hasiko da Ezkurdin eta helmuga ere toki berean ipini dute. Lasterketa bi daude aukeran: hamar eta bost kilometroko bana. Ibilbidea berdina da lasterketa bietan, baina luzekoak ibilbideari itzuli bi emango dizkiote. Ezkurditik Madelanara jaitsiko dira; Landako etorbidea zeharkatu eta Arripausuetan bidegorrira sartuko dira; atzealdetik atletismo pistara irtengo dira eta handik Landako etorbidea, Mikeldi eta Fray Juan de Zumarraga kaleak zeharkatu eta Askatasun etorbidetik Ezkurdiko helmugara etorriko dira.

Ibilbideak bost kilometro baditu, horietatik 3,5 inguru bidegorritik zehar izango dira: “Durangoko bidegorriak ahalik gehien erabiltzen saiatu ginen ibilbidea osatzerako orduan, azpiegiturak aprobetxatzeko eta jendeari erakusteko”, azaldu du Mugarrako Serafin Bereziartua ‘Txela’-k. Izen-ematea www.kirolprobak.com gunean egin daiteke. Dortsalak eguenean, 18:30etik 19:30era, jaso daitezke Landako kiroldegiko kafetegian; eta baita domekan bertan ere 08:30etik 09:45era Ezkurdin.

Herri krosa amaitzen denean, gaztetxoentzako duatloiak egongo dira benjamin, kimu eta haur-kategorian. Gazteen artean duatloirako zaletasuna sustatzea izango dute helburu. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!