Herritar literaturazale eta euskaltzale talde batek bultzaturiko ekimenari, Sarri, hitzez eta ahotsez izenekoari, amaiera emateko pentsatu dute maiatzaren 9ko Durangoko Platerueneko jendaurreko irakurraldia.
Urte hasieratik hona Iurretako idazlearen obra ezagutarazteko antolaturiko ekimen guztiak bezala “nahi duen orok parte hartzeko pentsaturikoa” da irakurraldia ere, “herri mailako ekimena delako”, antolatzaileen berbetan. Joseba Sarrionandiaren obraren parte bat bere ahotsetik eman nahi duen orok maiatzaren 6ra arte dauka izena emateko aukera, eta saioa entzutera ere gonbidatu dituzte Durangaldeko herritarrak.
Hiru ataletan banaturiko ekimena izan da Sarri, hitzez eta ahotsez: Jose Mari Iturralderen berbaldia izan zen lehenengoa; solasaldiak egin dituzte bigarrenik; eta Platerueneko irakurraldia izango da azkena.
Irakurrita, bertso forman emanda eta kantatuta eskainiko dituzte herritarrek Sarrionandiaren berbak: ikasleek, irakasleek, kazetariek, poetek, alkateek, parlamentariek eta zinegotziek, adibidez. Marisa Barrena ekimenaren bultzatzaileetako batek azpimarratu duenez, “esparru guztietako jendea arituko da Sarriren testuak irakurtzen; ideologiari dagokionez ere, alde guztietako jendea”.
Barrena durangarragaz batera, beste zazpi lagunen ekimena izan da Sarri, hitzez eta ahotsez antolatzea: Asun Elorriaga, Ixone Aroma, Xabier Boveda, Goiuri Iturriza, Miren Erzilla, Ziortza Aldekoa-Otalora eta Jon Gorritxategirena.
Zortzi lagunek egin dute emanaldirako irakurgaien hautaketa. Olerkiak, eleberrietako pasarteak eta narrazio laburrak irakurriko dituzte herritarrek 18:00etatik gauera arte luzatuko den ekitaldian: Akordatzen liburuko pasarteekin hasiko dira, eta, besteak beste, Hitzen ondoeza, Hnuy illa nyha majah yahoo, Kartzelako poemak, Ainhoari gutunak, Atabala eta euria, Lagun izoztua, Kolosala izango da eta Moroak gara behelaino artean? hartuko dituzte ahotan.
"Solasaldietan zelako jendeak parte hartu duen ikustea oso polita izan da"
'Sarri, hitzez eta ahotsez' ekimenaren antolatzaileetako hiru dira Asun Elorriaga, Ixone Aroma eta Marisa Barrena.
Zelan elkartu zarete zortziok ekimen honen bueltan?
Ixone Aroma: Artikulu batean proposatu zuen Marisak Bilbon egiten duten bezala guk ere errezitaldi bat egitea herrian. Eta autorea ere proposatu zuen: Joseba Sarrionandia.
Asun Elorriaga: Ahoz aho, kalean sorturiko ekimena da. Askotariko jendea batu gara.
Marisa Barrena: Literaturazaletasunak, euskaltzaletasunak eta Sarrizaletasunak batzen gaitu zortzi lagunok.
Sarrionandiaren lanean sakondu gura izan duzue?
M.B.: Jendea euskal literaturara, Sarriren lanera hurbiltzea izan da gure helburua. Izan ere, ematen du jende batek beldurra diola: zaila delako ustea oso zabalduta dago. Hoztasun hori gainditzea izan da helburua.
A.E.: Solasaldietan zelako jendeak parte hartu duen ikustea oso polita izan da horregatik: Sarri sekula irakurri ez duen jendea etorri da, eta baita bere lanaz asko dakiena ere. 15 eta 70 urte arteko lagunak batu gara, eta guztion iritziak entzun eta baloratu ditugu solasaldietan.
I.A.: Parte hartu duen jende horrek Sarriren lanak irakurriko ditu aurrerantzean ere, eta oso pozgarria da hori.
M.B.: Solasaldietan partaidetzaren helburua lortu dugu, eta maiatzaren 9ra begira ere helburu hori bera daukagu: jendea hurbildu dadila eta parte har dezala. Kultura ez dadila bakarrik kontsumorako gaia izan. Dagoeneko 180 lagunen zerrenda osatu dugu, eta nahi duen oro sasoiz dabil izena emateko.
Zer jaso duzue ekimenetik?
M.B.: Ikasi eta disfrutatu egin dugu. Beti gustatu izan zait Sarriren lana, baina tertulietatik hona desberdin irakurtzen dut: sekula ohartu ez naizen gauzei erreparatu diet. Gazteen interpretazioek asko harritu naute.
A.E.: Oso interesgarria da beste ikuspuntu bat duenaren interpretazioak entzutea.
M.B.: Gogoetarako hain esparru zabala eskaintzen du Sarrik planteatzen dituen galderekin!
Zein da ekimen honek utziko dizuen oroitzapen bereziena?
M.B.: Asko emozionatu gintuzten Sarrik ekimenaren harira bidalitako berbek: “Irakurleok egiten duzue literatura”, esan zigun. Ikasbidea da bere mailako idazle batek irakurleari halako aintzatespena egitea.
Sare hau ez da maiatzaren 10ean desegingo, ezta?
M.B.: Ekimena ebaluatuko dugu, lehenengo, eta datorren urteari begira pentsatzen hasi.