Partidu bi geratzen dira liga amaitzeko. Beraz, Ezkurdik aukera bi ditu igoera lortzeko. Orain puntu biko aldea ateratzen dio igoera postuan dagoen Astrabuduako B-ri eta laukoa promozioan dagoen Peñari. Ezkurdik domeka arratsaldean irabazten badu, igo egingo da, baina irabazi gabe ere baliteke igoera ospatzeko moduan egotea. Peña taldeak domeka goizean jokatuko du Iurretako B-ren aurka. Peñak asko jota berdindu egiten badu, Ezkurdik automatikoki igoera lortuko luke, averagea bereganatuta duelako. Eta Peñak ez irabaztea ez litzateke harritzeko moduko emaitza izango. Izan ere, Iurretako B igoera promoziorako borrokan dabil, eta azken jardunaldira aukerekin heltzeko nahitaez irabazi behar dio arerio zuzena duen Peñari.
Arratsaldean jokatuko duen Astrabuduakoren huts batek ere balio diezaioke Ezkurdiri igoera ziurtatzeko. Eskura dute klubarentzat historikoa izango litzatekeen igoera. Jokalariek badakite hori, eta aldagelan “euforia lartxo” sumatzen duela dio Iñigo Larrañaga entrenatzaileak: “Argi izan behar dugu oraindik ez dugula igoera lortu, eta gogotsu irten behar dugu domekan gure partidua irabaztera”. Etxean zein kanpoan sendo agertu da aurten Ezkurdi, baina, batez ere, Arripausuetan lortutako emaitzek kokatu dute lider. Etxean ez du partidurik galdu: hamaika garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu. Gainera, azken bost lehiak segidan irabazi ditu.