Atzo arratsaldeko 19:00etan Durangoko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak bilera egin zuen eguazten gauean zazpi bankuren aurkako erasoaren aurrean. EAJk, PSOE-EEk eta PPk sinatutako idatzian "indarkeriazko ekintza horiek erabat gaitzesten eta salatzen ditugu", azaldu dute. Gaineratu dutenez, auzokideei beraien elkartasuna eta gertutasuna adierazten dizkiete. Era berean, kaltetutako erakundeetako beharginei eta zuzendaritzei ere elkartasuna adierazten die. "Espero dugu etorkizunean ere behargin horiek beren lanpostuetan jarraituko dutela eta kaltetutako erakundeek ere Durangon jarraituko dutela". Onartutako idatziak dioenez, "egile materialei eta intelektualei exijitzen die honelako ekintzak berehala eta behin betiko uzteko, euskal gizartearen bake eta elkarkidetza nahien aurkakoak baitira". Bozeramaileen Batzordeak dioenez, "indarkeria-espiral honek beste behin agerian uzten du gure herriaren gehiengo osoaren borondatea mespretxuz, suntsiketa eta larderiaren alde bakarrik egiten dutenen izenaren guztiz galtzea".
EH Bilduren mozioa
Eguazten gaueko gertakarien aurrean EH Bilduk bere mozioa aurkeztu zuen, baina gainerako alderdiek ez zuten babestu. EH Bilduk dioenez, "gertaera hauen izaera edo helburuetatik haratago, bere arbuio argia adierazi nahi du". Idatzian diotenez, krisi sozio-ekonomikoaren harira, instituzio finantzieroek bere sorreran eta garapenean duten arduraren aurrean, pertsona guztien eskubide sozialak errespetatu, aukera berdintasuna bermatu eta sistema ekonomiko eta finantziero guztien kontrola ahalbidetuko dituzten mekanismo demokratikoak ezarri behar dira. Eszenatoki demokratikoak ezarri behar dira". Gaineratu dutenez, "eszenatoki demokratiko hori eraikitzeko orduan eskubide sozialen defentsa soilik bide politiko eta demokratikoen eskutik egin ahal dela deritzogu". Mozioan proposatzen duten puntuak dioenez, "Durangoko Udalak pertsona guztien eskubide sozialak errespetatuta izan daitezen lan egingo du. Zentzu horretan, mota honetako gertaerak bultzatzen dituzten arazo sozialak ekiditeko behar diren neurriak eta ekimenak martxan jarriko ditu".