Romerok aurreko urteetan ez bezala, aurtengo txapelketan, ez zuen lortu podiumera igotzerik. Munduko txapelketako sorpresarik handiena Jose Luis Romero podiumetik kanpo geratzea dela esan du Juan Ignacio Sampedro Durango Kirol Taldeko kidea.
Durangarraz gainera, Durango Kirol Taldeko beste lau partaide ere izan ziren munduko txapelketetan. Euskaldunei dagokienez, Florentino Martinek 80 urtetik gorakoen 1500 metrotako proban bigarren postua lortu zuen eta 400 metrotakoan, berriz, laugarren postua. Martinen postu bera lortu zuen Ainhoa Insunza sopelarrak jauzi hirukoitzean.
Florentino Martinen zilarrezko dominaz gainera, Durango Kirol Taldea beste sei dominarekin itzuli zen Budapestetik; urrezko bi eta lau zilarrezko. Emilia Paunicak 200 metrotako proban urrezko domina lortu zuen. Eta horrez gain, 60 birako proban eta errelebo-lasterketan bigarren postuan helmugaratzea lortu zuen. Taldeari gainontzeko hiru dominak eman zizkiona Aurora Perez madrildarra izan zen. Honek 1500 metrotan gailentzea lortu eta 800 eta 3000 metrotan zilarra lortu zuen.
%2017.19.56_content.png)