Mugarra Triatloi Taldeak hamargarren urtemuga ospatuko du zapatuan

Anboto 2014ko api. 2a, 09:00
Mugarra Triatloi Taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta zapatuan ospatuko dute egun osorako prestatutako egitarau bategaz

12:00etan Ezkurdin batuko dira, eta trikipoteoa, bertsolariak eta jolasak egongo dira aukeran. Gero Plateruenean bazkalduko dute, eta ostean musika eskainiko dute Idoia Bediagak eta Luhartzek. Bazkalosteko erromerian sarrera librea egongo da eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Dagoeneko hamar urte pasatu dira, beraz, triatloia egiten zuten lagun batzuk elkartu eta talde bat osatzea erabaki zutenetik. Sortzailetako bat da Serafin Bereziartua Txela: “Triatloia ez zen ezaguna orain hamar-hamaika urte; Durangaldean ez zegoen ezer”. Astiro-astiro pausoak ematen joan ziren. Bigarren urterako arropa atera zuten, Zarate-Elexpe eta Egoin enpresen babesagaz. Hirugarren urtean lasterketa herrikoi bat egitea pentsatu eta horrela jaio zen Duatloi Herrikoia, San Fausto bezperan urtero arrakasta handiz egiten dena. “Iaz 700 lagun batu ginen. Herri mailan ezagutzea lortu dugu”, adierazi du Bereziartuak.

Gerora federatuen duatloia etorri zen, Euskal Herri mailan ospea lortu duena. Baina, aurten ezin izan dute burutu Herrizango Saileko Trafiko arloagaz data ezartzeko arazoa eduki dutelako. “Bizkaiko talde guztiak elkartu behar gara ea zer egiten dugun. Oin hamar urte gu bakarrik geunden, bain orain Abadiñon, Zornotzan, Garain eta Galdakaon ere taldeak daude. Gero eta federatu gehiago gero eta indar gehiago”.

Lotsak kenduta
Bestalde, iaz herri-krossa ere antolatu zuten lehenengoz. “Uste dut hamar urtean gauza dezente egin ditugula”, esan du Bereziartuak. Urteotan Mugarra taldetik egindako lanak eragina eduki du Durangoko kirolzaleen artean.  Triatloia herriratu dute, taldeko ekintzen eta lasterketa herrikoien bidez. Gero eta jende gehiago dabil korrika edo bizikletan: “Lehen jendeari lotsa ematen zion kalean korrika egiteak, batez ere neskei.  Orain hamahiru urte ez zenuen ikusten neska bat bizikleta gainean. Lotsa hori kentzea lortu da eta oso pozik gaude”.

2008an Triatloi Eskola sortu zuten eskolaz kanpoko jarduera lez, eta arrakasta eduki du. Aurten, esaterako, 70-80 ume artean dauzkate. Udalekuak ere antolatzen dituzte, eta aurtengo ediziorako datorren astean zabalduko dute inskripzioa www.mugarratt.com webgunean.

Taldekide batzuek lehietan parte hartzen dute, eta Gurutze Frades Espainiako txapelduna da horren erakusle. Baina ez da derrigorra lehiatzea. “Aukera ona da, zapatuetan bizikletan ibiltzeko, igerilekura joateko...”. Afizioagaz disfrutatzea da Mugarra taldekoen helburu nagusia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!