Yoko Out: "Inongo muga eta ordena barik jarduten gara kantak sortzen"

Anboto 2014ko mar. 29a, 09:00

‘Poeta hiltzaileen hamarkada’ diskoagaz ezagutu genuen Yoko Out taldea, orain lau urte; Durangoko Plateruenean, gaur, ‘Portabentura’ izeneko bigarren diskoko kantak estreinatuko ditu zazpikoteak. 22:30ean izango da kontzertua, Ghetto taldearekin batera.

Lau urte dira lehenengo diskoa kaleratu zenutenetik. Zelan joan dira urteok?
Bizitza zoro honetan ahal dugun moduan diraugu. Arlo pertsonalean momentu alai eta tristeak egon dira, taldea gorabehera horietan nabigatzen ibili da inolako helburu finkorik gabe, eta tartean kontzerturen bat ere izan dugu. Astelehenak izan dira gure terapia: lokalean, gure tenplu sakratuan, burrundara guztiak alde batera geratzen dira. Ez daukagu presarik, gure ibilbidea ez du denborak finkatzen: iritsiko gara noiz edo noiz, baina gozatu dezagun bidaiaz.

Aurreko diskoa entzun zuenak zer nobedade topatuko du ‘Portabentura’ lanean?
Taldean dauden musika korronte ugari erreka zabal batean hil dira; oraindik itsasora bidean gara, baina disko honetan konplexutasuna, melodia eta estruktura landuagoak eta, agian, esperientziak ematen duen heldutasuna nabaritzen dira. Ez dugu birtuosismorik bilatzen; musikari, eta bereziki rockari, egindako omenaldi sinple bezain sentimentala dira Portabentura diskoko 10 abesti hauek.

Eta zerk irauten du hasierako Yoko Out hartatik?
Zazpi lagun ginen, eta zazpi lagun gara. Ez dugu musika bakarrik egiten, elkartzen garenean sortzen den kimikak hainbat txorakeria jorratzera garamatza; berba eta barre asko egiten dugu, garagardoren bat edan… Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin, eta hori igarri egiten da diskoetan eta zuzenekoetan.


Zelakoa izan da kanta berriak sortzeko prozesua?
Oso anarkikoa eta oso demokratikoa; guk ez daukagu metodorik, errutinak ekiditen ditugu.  Abestiak sortzeko mekanismoa beti da txinparta txiki bat; esaldi bat, melodia bat, argazki bat, riff bat edota erritmo berezi bat. Eta hortik aurrera inongo ordenarik eta mugarik ezarri barik jarduten gara kantak sortzeko. Presarik barik. Abestiaren estruktura instrumentala osatuta dagoenean letrak agertzen dira. Denok parte hartzen dugu sorkuntzan, eta horrek abesti bakoitzari bere izaera ematen dio.  

Disko berria Plateruenean estreinatuko duzue. Kontzertu horretan pentsatzeak zer sentsazio sortzen dizue?
Emozioa, urduritasuna, poztasuna… Orain dela urte batzuk bertan igo ginen agertokira lehenengoz, eta oso leku berezia da guretzat: inguruko taldeen eta artisten erakusgarri eta euskarri da Kafe Antzokia, eta kanpoko talde askorekin gozatzeko aukera ere eman izan digu. Etxean sentitzen gara bertan, gure lagunen eta familien babesarekin; asko gozatzen dugu, eta seguru oraingoan ere sortutako konexioak gure sentimenak loratuko dituela; taula gainean garen guztia emateko gogoz gaude.

Diskoa non eskuratu daiteke?
Hasiera batean diskoa kontzertuetan salduko dugu. Gero, jendeak eskatzen badu, eskainiko dugu diskoa eskuratzeko aukera. Gure bihotzaren zatitxo bat fisikoki etxera eroatea gura duenak aurkituko gaitu, agian, Goienkaleko tabernaren batean, Manolo Escobarren ondoan gasolindegi batean, edo supermerkatu handi bateko Top ventas sailean. Nork jakin! Ez dakigu, eta ez zaigu inporta. Hori bai: taula gainean seguru aurkituko gaituela.  

Zelan gura duzue zabaldu?
Disko honegaz Interneteko bandcamp plataforman egin dugu apustua: aurreko diskoko kantak bertan daude, eta laster Portabentura diskoko kanta guztiak ipiniko ditugu. Blogari ere (www.yokoout.wordpress.com) eman nahi diogu bizitasuna: argazki eta testuekin, abesti berriekin zein zaleen eta gure arteko hartu-emanekin bete. Formatu fisikoari ez diogu uko egiten, gure Alainek edizio sinple, klasiko eta oso dotorea egin du, oso pozik gaude emaitzarekin; merezi du diskoa apal batean edukitzea, noizean behin hautsa kendu eta disfrutatzeko.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Bizitzaren gorabeherak, lagunarte musikalean

Argazki bat da Yoko Out taldeko durangarren Portabentura diskoaren abiapuntua: umetan jolas parke batean egindako argazkia. “Bizitza jolas parke baten modukoa da”, diote taldekideek: “Hainbat atrakziotara igotzen gara gure ibilbidean; batzuetan barre egitea tokatzen da, eta, bestetan, aldiz, negar... Baina bizitzan bidea beti da zutitu, beste sarrera bat eskuratu, eta aurrera egitea”.


Bizitza gorabeheratsuan musika dute helduleku. “Melomano hutsak” direla diote, musikazale hutsak: “Errespetu infinitua diogu rockari”. Berdin maite dute rocka, popa, bluesa, folka eta jazza. “Taldekideontzat gure inkonformismoa, gure sentimenduak eta ezinegonak adierazteko bidea da musika: arte abstraktu eta matematikoa den heinean, gizakien barnean sartzeko musikak daukan boterean sinesten dugu: sentimenduak eta bizitza bera azaleratzeko daukan indarrean”.


Plateruenean eurekin joko duten Durangaldeko beste artistekin, Ghetto taldekoekin, feeling berezia dutela sentitzen dute Yoko Out taldekoek: “Klase handiko taldea da Ghetto, konposizio aberatsak eta oso landuak dauzkate, eta eskaintza musikal berezia dakarte. Saxoa daukate eurek, eta guk, aldiz, Josebaren harmonika; euskarazko rockaren munduan biok gaude talde arraroen multzoan”.  

 
Yoko Outek etorkizunerako dituen proiekzioetan nagusi dira astelehenero elkartzen eta egiten dutenarekin gozatzen jarraitzea, eta urte askoan euren topagunea ez desagertzea: “lagun talde berezi bezain bitxia” gertu sentitzen jarraitzea. Disko berriaz entzuleen ahotik entzun gura luketena zera da: “Zuen diskoa jarri nuen atzo, eta egunari buelta eman nion”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!