200 gimnasta gazte Bizkaiko finalaren bila, gaur, zapatua, Landakon

Anboto 2014ko mar. 29a, 09:00

Bizkaiak gimnasia erritmikoan duen harrobi oparoa Landako kiroldegian batuko da gaur, egun osoan. Benjaminetatik kadeteetara arteko 200 gimnasta gaztek Bizkaiko Txapelketako bigarren fasea lehiatuko dute. Onenentzako saria finalerako sailkapena izango da.


8 eta 16 urte arteko gimnasta askok parte hartuko dutela kontuan hartuta, txapelketa egun osora zabaldu dute: 10:00etatik 20:00etara. Maila bakoitzeko gimnastek aparatu jakinekin egin beharko dituzte euren koreografiak: benjaminek pilotagaz, kimuek uztaiagaz, haur kategoriakoek pilotagaz eta kadeteek mazoagaz. Durangoko Uztai taldeak maila bakoitzeko bi eta lau gimnasta artean izango ditu. Landakon batuko direnak gimnasta gazteak diren arren, koreografia landuak eskainiko dituzte. Hala ere, lehiaren gainetik, gimnasia erritmikoaren inguruko egun osoko jaialdia Durangon izatearen garrantzia azpimarratu dute Uztai taldeko kideek.


Gora egin duen kirola
Gimnasia erritmikoa entrenamendu saio asko eskatzen dituen kirola da, hala ere, baditu ezaugarri batzuk gazteak erakartzen dituena, eta azken hamabost bat urteetan gorakada izan duela uste du Miren Barturen Uztai taldeko kideak: “Azken hamarkada bietan asko egin du gora gimnasia erritmikoan parte hartzen duen neska kopuruak. Ez dakit zehatz zenbat, baina sasoi bateko kopurua hamar aldiz hazi dela esango nuke”. Alde batetik, “gurasoak konturatzen dabiltza kirol mota sanoa eta onuragarria dela gazteentzat”. Bestetik, gimnasia erritmikoaren “estetika eta erritmo lanketa” ere erakargarri egiten ei zaizkie kirol honetara hurreratzen diren gazteei. Kirol honen hazkundearen erakusgarri da taldekako eta buruz buruko txapelketak banatu izana: “Lehen batera egiten zituzten, baina gimnasta kopuruak gora egiten duenez, egun bakarrean ez zegoen denak sartzeko astirik, eta banatzea erabaki zuten”.


Hala ere, oraingoz, Uztai taldea da Durangaldeak gimnasia erritmikoari lotuta duen talde bakarra. Gaur egun, 20 urtera arteko 140 gimnasta ditu Durangoko taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!