Natalia Campo: "Oso pozik eta gustura nabil 'Corazón' saioan"

Anboto 2014ko mar. 30a, 09:00

Natalia Campo (Durango, 1987) abendutik RTVEko ‘Corazón’ programan dabil Anne Igartibururekin batera. Campok, kazetaritza eta ikus-entzunezko ikasketak Leioan egin eta gero, Madrilen RTVEko masterra egin zuen.


Nola iritsi zinen RTVEra?
Kazetaritza eta ikus-entzunezko ikasketak egin nituen Leioan. Eta, Euskal Herrian zegoen lan falta ikusita, Madrilera joan, eta RTVEko masterrean sartzen saiatu nintzen. Azkenean, masterrean onartu ninduten, bukatutakoan praktikak egin nituen, eta abenduan kontratu hau suertatu zitzaidan.

Abendutik ‘Corazón’ programan zabiltza?
Bai, horrela da. Behin masterra eginda, praktikak albistegietan egin nituen. Uda osoa pasatu nuen albistegietako kultura arloan, urrira arte egon nintzen bertan. Ondoren, abenduan dei bat jaso nuen, eta ‘Corazón’ programan lan egiteko eskaintza heldu zitzaidan.

Eta, zer moduz zabiltza lan berrian?
Egia esan oso ondo, oso pozik nago lanean. Orain arte egin dudanarekin alderatuta, oso desberdina da, beti ibili izan naiz-eta albistegietan: bai EITBn, bai RTVEn. Kate bietan praktiketan ibili naiz, eta EITBn noizean behin lan egin dut. Deitu zidatenean ez nuen espero programa batera joango nintzenik, esperantza nuen albistegietan geratzeko. Baina, hala ere, hasi nintzenetik oso gustura nago.


Salto handia izan da albistegietatik ‘Corazón’ saioaren estiloko programa batera pasatzea?
Bai, azken batean lantzen den informazioa oso desberdina delako. Hala ere, horrekin ez dut esan nahi orain lantzen dudan informazioa garrantzitsua ez denik, asko zaintzen den informazioa da-eta; baina garrantzi gutxiago dauka, albistegietakoarekin alderatuta. Azken finean, oraingoa entretenitzeko egiten den informazioa da. Baina albisteen lanketari dagokionez, bietan zaintzen da asko iturria zein den, baieztapena, kontrastea... Alde handiena albiste baterako ematen diguten denboran igarri nuen; albistegietan normalean albisteak minutu ingurukoak izaten direlako, eta, orain berriz, bi minuturen bueltako albisteak egiten ditugu.

Horrelako programak kontsumitu zalea zinen?
Egia esan ez, eta, oraindik ere, mundu honetan sartzen nabil. Azkenean pertsonaia asko daude, eta denak ezagutzeko denbora behar izaten da. Lanean ostegun batez hasi nintzen; asteburuan kioskora jaitsi nintzen, ¡Hola! aldizkaria erosi, eta guztia azpimarratu nuen, gauzen berri izateko. Horrek momentuko pertsonaien berri izaten lagundu zidan. Hala ere, oraindik asko geratzen zait ikasteko.

Nolakoa izaten da programan zure egunerokoa?
Moderatzaileak lan bat ematen dizu, eta, normalean, gai hori jorratzen duzu aldi batez. Orduan, pertsonaia horren gaineko nondik norakoak jarraitzen ditugu denbora horretan.


Zerbaitek harritu zaitu kate berri horretan?
Harritu ez dakit, baina muntatzaileen lana arrotza egin zitzaidan. Ni ohituta nengoen muntaia guztiak neuk bakarrik egitera; hemen, berriz, norberak egiten du hasierako muntaia bat, baina, gero, lan hori muntatzaileek berrikusi eta aldatzen dute. Beraiek egiten dituzte azken erremateak, musika sartu...

‘Corazón’ programan egoteak jende famatua elkarrizketatzera behartzen zaitu?
Oraindik ez dut filmazio askorik egin, baina baten batzuk elkarrizketatu ditut: Ariadna  Gil eta Norma Dubal, esaterako. Azken batean, guk lan asko erredakzioan egiten ditugu.

Bi urteko kontratua sinatuta duzu. Etorkizunean Euskal Herrira itzultzeko asmorik?
Momentuz unea aprobetxatu, eta esperientzia berri honekin ahalik eta gehien ikastea eta disfrutatzea da nire asmoa. Hala ere, etorkizunean albistegietara itzultzea gustatuko litzaidake; adrenalina hori asko gustatzen zait. Eta, nola ez, ahal izanez gero, etxera itzuli nahiko nuke.

Bukatzeko, nolakoa da Anne Igartiburugaz lan egitea?
Annek eta biok lan erritmo desberdina daukagu, baina hasieratik daukat harreman ona berarekin. Pertsona oso hurbila da, bai nirekin, bai gainontzeko lankideekin. Baina giro on hori lankide guztien artean daukagu, jende oso jatorra eta gertukoa aurkitu dut Madrilen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!