Nuria Maurtua (Tabirako): “Gure helburua, hasieran, ez zen lehenengo postuan egotea”

Anboto 2014ko mar. 26a, 09:31

Tabirako-Baqueko emakumeen lehen taldea lider dago Lehen Mailan; Nuria Maortua kapitainak (Durango, 1988) dio lehen postuan amaitu gura dutela liga. Bide onetik doaz; hiru partidu bakarrik galdu dituzte ligan.

Txikitatik dabil saskibaloian Nuria Maortua. Bere ahizpa Marina jokatzen ikustean zaletu zen, eta Tabirako-Baqué taldean ibilbide luzea egin du harrezkero. Emakumeen lehen taldeko kide da duela hamar urtetik, eta gaur egun kapitaina da. Momentu gozoa bizi dute aurten; hiru partidu bakarrik galdu dituzte, eta Lehen Mailako lider dira lau jardunaldiren faltan. Garaipenen bidetik, lidergoan amaitu gura dute liga.

Joan zen asteburuan Deustun eduki zenuten partidua. Hori ere irabazi, ezta?
Bai. Luzapeneko azken segundoan. Bihotzekoak emateko modukoa izan zen. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta badakigu zeintzuk diren bakoitzaren puntu ahulak. Baina txarto pasatu genuen. Nire ustez, egin dugun partidu hasierarik txarrena izan zen. Oso txarto hasi ginen, makal defentsan, eta eurek puntu asko sartu zituzten. Hamazazpi puntugatik galtzen joan ginen. Atsedenaldiaren ostean, defentsa indartu genuen, eta gure joko biziagaz hasi ginen jokatzen. Hamabost minutuan 35 puntu sartu genituen. Luzapeneko azkeneko segundoan Marinak saskiratu zuen, eta horrela amaitu zen partidua. Bizia izan zen.

Hiru partidu bakarrik galdu dituzue orain arte.
Bai. Bera-Beraren kontra hamabost puntugatik galdu genuen han, baina besteak puntu bi eta bategatik. Azkenean, gure ligan edonoren kontra irabazi zenezake, eta edonoren kontra galdu. Argi dago gure esku dagoela dena, gure intentsitatean eta defendatzeko eran. Hori da gure puntu gogorra.

Intentsitatea da, beraz, zuen indargunea.
Argi dago ez garela ligako talderik altuena. Izatez, txikienetarikoak gara. Nahiko altuak diren pare bat jokalari ditugu, baina besteok ez gara altuak. Proposatu ziguten arin eta joko bizi bategaz jokatzea, eta horrela lortzen dugu irabaztea. Talde asko daude pare bat laurden eusten dutenak, baina azkenera arte ezin dute eutsi. Orduan martxa bat gehiago sartu, eta hor eroaten ditugu garaipenak. Hasieran joko hau proposatu zigutenean denoi gustatu zitzaigun, nahiz eta uste genuen, beharbada, ez ginela gai izango denboraldi osoan mantentzeko. Baina ikusten gabiltza ahal dugula.

Baina ez da hori bakarrik izango hainbeste garaipen lortzeko giltza, ala?
Aurten nahiko era konstantean gabiltza. Entrenatzaileagaz konfiantza daukagu, eta gure artean ere sortu da konfiantza. Urte nahikotxo daroaguz elkarregaz jokatzen. Aurten etorri direnak iaz ere etortzen ziren entrenatzera, eta askok jokatu ere egin zuten. Nobedade bakarra Ane Sarasola da, gazte mailakoa, baina oso ondo moldatu da taldera. Gure artean dagoen konexio hori... Batzuk elkarregaz zazpi urte daroaguz jokatzen, eta hori igarri egiten da. Badakizu gutxi gorabehera zelan jokatzen duen bakoitzak, pase bat ematen duzunean hor egongo dela nor edo nor. Eta argi dago emaitzak onak direnean askoz errazagoa dela.

Noiz ikusi zenuten gai zinetela aurrean egoteko?
Gure ligako talderik onena, jokalariei dagokienez, Donostiako Bera-Bera da. Hemen irabazi genionean, guretzat txute bat lakoa izan zen. Primeran jokatu genuen, oso kontzentratuta egon ginen, eta partidu hori irabazi ostean esan genuen gai garela ligako talde guztiei irabazteko.

Denboraldiaren balantze positiboa egingo duzue momentuz.
Gure helburua, hasieran, ez zen lehenengo postuan egotea. Argi dago lan egiten duzunean, eguneroko entrenamenduetan ahalegintzen zarenean, eta emaitzak onak direnean, jende guztiaren intentsitatea handitzen dela. Baina, noski, orain hor gaudenez, lehenengo postuan amaitu gura dugu.

Ligako azken txanpan sartuko zarete orain. Zer itxaroten duzu?
Lau partidu geratzen zaizkigu, oso gogorrak. Lehenengo postuan amaitzeko, partidu bakoitza final bat balitz bezala hartu behar dugu. Berez ez daukagu inolako presiorik lehenengo geratzeko, baina hor egonda, bada, ilusioa daukagu. Lehenengo postuan geratzen dena igoera fasera doa zuzenean, eta esperientzia hori edukitzea gustatuko litzaiguke.

Emakumeen Liga-2 txapelketan parte hartuko zenukete, igoz gero. Zer aurreikuspen?
Ni hasi nintzenean taldea liga horretan zegoen. Oso liga gogorra da. Alde handia dago nazionaletik liga horretara. Talde askok fitxaketak egin, eta kanpotarrak ekartzen dituzte. Esperientzia polita litzateke, baina zentzuz berba eginez gero, ez daukagu hor egoteko talderik: fisikoa eta dirua behar dira, eta denbora aldetik sakrifikatua da.

Jokalari lez, zer ematen dizu saskibaloiak?
Esperientzia politak eman dizkit, eta lagun asko. Egia da esperientzia txarrak edukitzen dituzula, baina, orokorrean, bizipen politak eta deskonektatzeko aukera eman dizkit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!