Film laburren lehian parte hartzera deitu du Zapaburuk

Anboto 2014ko mar. 24a, 09:00
Iratxe Delgado eta Mikel Gandarias, Pinondon
Zapaburu gazte konpartsak 'Zaping' film laburren lehiaketa antolatu du martxoaren 29rako eta 30erako. Iratxe Delgado eta Mikel Gandarias konpartsakideek azaldu dute aisialdiko eskaintzan hutsunea dagoela, eta horri erantzutera datorrela lehiaketa: “Inoiz ez digute ezer eskainiko. Goazen gu sortzera kontsumituko duguna”.


Hilaren 29an 15:00etan batuko dira Pinondo Etxean, eta bertan banatuko dituzte grabaziorako gaia eta oharrak. Hurrengo eguneko 15:00etan entregatu beharko dira film laburrak; gau horretan ordua aldatuko denez, 23 ordu edukiko dituzte beharrerako. 18:00etan Fray Juan de Zumarraga institutuan proiektatuko dituzte lanak, eta sariak banatuko dituzte. Parte-hartzaileek martxoaren 26a baino lehen eman behar dute izena, zapaburukonpartsa@gmail.com helbidera idatzita.  


Gazteen arteko hartu-emana sendotu gura dute. Delgadok esan du “denak batera egotea eta ezagutzea” dela helburua.  Eta sortzen jarraituko dute, Gandariasen berbetan: “Jendeak ikusiko du sinesten dugula gure aisialdi ereduan, ondo pasatzen dugula”. Ideiak proposatzeko deia egin du Delgadok, eta gazteen jarreran konfiantza dauka: “Gazteok badaukagu mugitzeko gogoa”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!