Mikel Laboaren sorkuntza, umoretik eta maitasunez: ‘Zazpi aldiz elur’

Anboto 2014ko mar. 20a, 16:59
Martxoaren 23an, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean, eta 28an, 21:00etan, Zornontza Aretoan, eskainiko du Tanttaka talde donostiarrak 'Zazpi aldiz elur' lana. Mikel Laboa musikari donostiarrari buruzko ikuskizuna da. Margoekin, zuzeneko musikagaz eta antzerkiagaz, baina, batez ere, lagunen maitasunagaz eta umoretik egindakoa.

 

Bernardo Atxagak idatzi du ikuskizunaren gidoia, eta emanaldian Iñaki Salvador eta Angel Unzu musikariek, Maria Berasarte abeslariak, eta Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte aktoreek dihardute.


Mireia Gabilondo da zuzendaria, eta haren berbetan, oso harrera beroa egin diete ikusleek: “Oso lan hunkigarria dela, eta berriro ikusiko luketela esan digute askok”. Izan ere, Mikel Laboari buruzko “gauza txiki intimoez” dihardute haren lagun sortzaileek obra honetan. Umoreak Laboaren bizitzan eta sorkuntzan eduki zuen eraginaz, esaterako.

 

Laboaren kantak, modu “pertsonal eta librean”

“Kantuak eszenaren beharretara moldatzea izan da asmoa, eta ez aldrebes. Hau da, ez ditugu Mikelen kantuak modu nostalgikoan jo nahi izan”, dio obraren musika sortu duen Iñaki Salvador (Donostia, 1962) pianistak. “Hain aberatsa den Laboaren unibertsoa eskaini gura diogu jendeari, dakigun modurik iradokitzaileenean; haren sorkuntzan ibilbide bat proposatu”.

Zazpi aldiz elur Laboarenganako “hurbilpen intimoa” da, Salvadorren berbetan: “Laboaren proposamen artistikoa poliedrikoa zen, eta bere izaera eta gizatasuna oso berezia; beste diziplina artistiko batzuekin harreman estua zuen, hain desberdinak diruditen Camarón de la Isla, John Cage edo Cantinflas miresten zituen. Guzti horrek egiten du Laboa, eta bere obra antzerkiaren hizkuntzarekin modu oso naturalean jorratu ahal izatea”.

Mikel Laboak 25 urtean eskainiriko kontzertu eta grabaketa guztietan parte hartu zuen Iñaki Salvadorrrek. Ikuskizun honetan lagunaren kantuak “modu pertsonal eta librean” interpretatzen ditu: “Mikelek beti defendatu zuen diskurtso pertsonala eta askea. Oso artista librea zen, eta askatasun hori bera aldarrikatzen zuen bere kantak euren erara jo nahi zituztenentzat ere”.

 ----------------------------------------------------------

“Lantaldea aukeratu nuenean, banekien elkar ulertuko genuela”

Duela hilabete eskas aurkeztu zenuten lana, eta emanaldi asko egin dituzue dagoeneko.
Bai, estreinatu orduko hitzartu  genuen aurkezpen bira; ikuskizunaren aurreproiektua aurkeztu genuen, eta hogeitik gora emanaldi lotu genituen. Hori ez da oso normala, askotan gertatzen da ikuskizun berria estreinatu, eta, ondoren, lau hilabete ematea beste emanaldirik barik. Eta oso tristea izaten da. Alde horretatik oso pozik gaude.

Zergatik eduki du jendeak horrelako interesa ikuskizunean?
Mikel Laboagatik. Askok eta askok pila bat maite genuelako egiten zuena, eta bere izaera ere bai. Bestalde, Bernardo Atxagak egin du gidoia, Zumetaren irudia daukagu, agertokian Iñaki Salvador, Angel Unzu eta Maria Berasarte musikariak, eta bi aktore gaude. Horren guztiaren batura dela esango nuke.  

Dena uztartzea izan da zure lana. Zelakoa izan da talde lana?
Erraza izan da. Lan guztiek dute euren prozesua, eta denbora asko pasatu dut honetan ere, nola egin pentsatzen. Ikuskizun bakoitzak bere bidea dauka, baina lantaldea aukeratu nuenean banekien elkar ulertuko genuela, aurretik batera lan egindakoak garelako. Dena errazten du horrek. Iñaki Salvadorrekin, esaterako, askotan egin dut lan, oso ondo ezagutzen dugu elkar. Lagunartean gura genuen Mikeli buruz berba egin eta ikuskizuna sortu.

Mikel Laboaren lanaren inguruan ikuskizuna sortzeko ideia zelan sortu zitzaizun?
Beti esaten dut Mikel Laboaren ahotsak, bere kantuek eta bere egiteko moduak asko lagundu nautela bizitzan. Antzezten eta ikuskizunak zuzentzen hasi nintzenean, esaterako, Mikelen kantu bat behintzat sartzen nuen ikuskizun guztietan. Beti lagundu dit sorkuntza prozesuan. Gero, Kukai dantza taldearekin egin genuen Komunikazioa-Inkomunikazioa lanerako buru-belarri sartu nintzen Mikelen unibertsoan. Horrela sortu zen Mikeli buruz ikuskizun bat egiteko ideia, eta ikuskizun honetan pentsatzen hasi ginen. Hainbeste gauza daude hitz egiteko, eta hainbeste kantu! Zailena aukeraketa egitea izaten da sarri.

Zer aukeratu duzue?
Mikel hil zen egunagaz hasten da ikuskizuna, eta Mikeli buruzko hain ezagunak ez diren gauzak kontatzen ditugu ikuskizunean: psikiatra zela, umeekin lan egiten zuela, horrek zer eragin zeukan bere kantuetan, eta hainbat hizkuntzatan –sarri hizkuntza ezezagunetan– kantatzea gustatzen zitzaiola, adibidez. Horrelako gauzak kontatu nahi nituen. Gainera, keinu bat egiten diogu hain gogoko zuen zinema komikoari: Chaplini eta Keatoni, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!