Zuzeneko emanaldien programazioa osatu dute martxo eta apirilerako, Musika Eskolan

Anboto 2014ko mar. 18a, 11:11
Biharko antolatu dute kontzertu zikloko lehenengo emanaldia, eta beste lau hitzordu ere lotu dituzte, martxorako eta apirilerako, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Kontserbatorioan. Fuoco boskotearen ganbera-musikako kontzertua izango da lehenengoa, bihar; 18:00etan hasiko da emanaldia, Musika Eskolako aretoan.

 

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eskarmentu handiko bost ikaslek osaturiko taldea da Fuoco boskotea. Biolina, biola eta pianoa jotzen dute taldekideek, eta euren errepertorio zabalagaz hainbat ekitaldi girotu dituzte. Oso kritika onak jaso dituzte, gainera.

Datorren eguaztenean, martxoaren 26an, 17:30ean, izango da, hil honetako bigarren emanaldia. Bartolome Ertzillako pianoko hirugarren mailako ikasleek pelikuletako soinu-banden emanaldia eskaniko dute Musika Eskolako aretoan. Iaz egin zuten honelako emanaldi bat lehenengoz, eta haren arrakastak bultzatu ditu bigarren edizio hau antolatzera.

Zuzeneko musikagaz beste hiru hitzordu lotu dituzte, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan, apirilerako. Apirilaren 2an, ahots eta piano kontzertua eskainiko dute Bidane Txopitea, Edurne Egia, Jasone Turunbay eta Iratxe Uribelarrea kantu ikasleek, Kurutzesantu museoan. Viktoria Gabrilchenko irakaslearen laguntzagaz, Caccini, Rossini, eta Delibesen obrak interpretatuko dituzte, besteak beste.

Hiruhileko bakoitzaren amaieran egin ohi dutenez, ikasturte osoan prestaturiko obrak eskainiko dituzte, Kontserbatorio Profesionaleko ikasleek Erdi Mailako Graduko ikasleek, apirilaren 3an. Kurutzesantu museoan, 19:00etan hasita eskainiko dute kontzertua.

Zikloa amaitzeko, apirilaren 11n, ¿Antigua música de cámara duranguesa? kontzertu-hitzaldia eskainiko du Khantoria musika taldeak, Kurutzesantu museoan. Ander Berrojalbiz, Maider López eta Virginia Gonzalo Khantoria taldeko kideek Durangoko Goi Mailako hiru ikasle gazteren laguntza izango dute Kurutzesantu museoko emanaldi horretarako: Karol Argiarro, Elena Arbonies, eta Nerea Aizpuruak txistuagaz, klarineteagz eta biolotxeloagaz lagunduko dute Khantoria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!