Judo torneoak 450 gaztetxo batuko ditu zapatuan Durangon

Anboto 2014ko mar. 12a, 17:18
Naziarteko Judo Torneoak ejnde asko batzen du urtero urtero
Durango Judo Taldeak nazioarteko judo torneoaren bosgarren aldia egingo du zapatuan Landako kiroldegian. Ekitaldia San Filippo izeneko ez ohiko gaixotasunaren berri emateko ere baliatuko dute.

 

Durango Judo taldeak bosgarren aldiz antolatuko du Durango Uria Torneoa zapatuan, 10:00etatik aurrera. Landako kiroldegian 12 eta 17 urte arteko (kimu, haur-kategoria eta kadete mailak) 450 judoka gazte batuko dira, horietako hainbat nazioartekoak. Lehiaren gainetik, gaztetxoei elkar ezagutzeko aukera eskaintzea, eta, elkartasuna eta solidaritatea lako baloreak sustatzea ditu helburu torneoak. Aurten, elkartasuna ez da ikasgai bat bakarrik izango gaztetxoentzat, bertatik bertara ezagutuko duten errealitate bat baizik. Izan ere, zapatuko torneoa ez ohiko gaixotasun bat ezagutara emateko baliatuko dute: San Filippo gaixotasuna.

 

San Filippo gaixotasun hereditarioa da, nerbio sistema zentralari eragiten diona. Hiperaktibitatea, dementzia eta heriotza goiztiarra dira gaixotasunaren ondorioak berau pairatzen duten askorentzako. Horrela, zapatuan, Stop San Filippo elkarteko kideek postu bat ipiniko dute Landako kiroldegian: gaixotasunaren gaineko informazioa emango dute, besteak beste. Horrez gainera, torneoa hasi aurretik, 09:40 inguruan, elkarteari laguntzeko dohaintzan dirua zelan eman dezaketen azalduko diete bertan dauden gurasoei: SMS bidez, esaterako. Horrez gainera, Durango Kirol Taldeak izen-emateen bidez aterako duen diruko zenbateko bat elkarte horri emango dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!