Jesus Lizaso artistaren eskultura lana dago Durangoko Museoan

Anboto 2014ko martxoaren 7a

Besteak beste, Florentzian edo Berlinen erakutsitakoak dira lanak.
Eguaztenean inauguratu zuten Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai dagoen Ortotropiak-Lan berriak erakusketa. Martxoaren 30era arte egongo da, Durangon, eskulturen bilduma ikusgai. Jesus Lizasok (Barakaldo, 1961) azken urteotan egindako lanak daude erakusketa honetan bilduta. Besteak beste, Florentzian edo Berlinen erakutsitakoak.

 

Zurez egindakoak dira eskultura guztiak. Hain zuzen, artistak bere langaiagaz, hau da, materialagaz daukan harremanak ematen dio erakusketari izena. Fisika arloko terminoa da ortotropia, eta materialen portaera elastikoari egiten dio erreferentzia. Izan ere, zurari eragiteko moduek aldatu egiten dute bere malgutasuna. 

Termino zientifiko hori hartu du Jesus Lizasok azkenaldian jorratu duen bideari izena emateko, “arau horrek ondo azaltzen baitu artistak zurarekin ezarri duen hartu-emana”.  

Azken emaitza artistaren nahiaren araberakoa den arren, materialak berezko duen izaerak ere eragina du azken emaitza horretan: sarri, egilea desbideratu egiten da aurreikusita zuenetik.

Lanbide Heziketaren bidetik jo zuen Lizasok, metalaren arloan, eta aroztegi batean jardun zen lanean. Zuragaz ez ezik, zeramikagaz ere jardun izan du. Bizkaiko hainbat herritako plazetako eskultura publikoak Jesus Lizasok egin ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!