Plateruenean estreinatuko du Doctor Deseok ‘Busco en tus labios’ diskoa

Anboto 2014ko mar. 7a, 09:00
‘vimeo.com/tag:doctor+deseo’ helbidean dago dokumentalaren trailerra ikusgai.
Duragon hasiko du Doctor Deseo Bilboko taldeak 'Busco en tus labios. Lo mejor del Deseo' izeneko disko berria aurkezteko bira, gaur. Datozen asteetarako lotuta dituzte kontzertu bina Donostian eta Bilbon, eta Gasteizen, Atarrabian, Bartzelonan eta Madrilen ere joko dute. Plateruenan eskainiko du kontzertua 22:30ean.

 

Aurreko diskoaren aurkezpenerako hiriburuetako antzokietan eskaini zituzten kontzertuen "antitesia" izango ei da Busco en tus labios bira; Bilboko taldearen ibilbidearen aniztasuna islatuko duen bira. Taldeak aurreratu duenez, hasiera biziko kontzertuak izango dira bira berrikoak, eta, dantzarako disko musikaz, jairako gonbita luzatuta amaituko dira. Baina taldearen pop eta kabaret ukituko kantak ere entzungo dira. 

Francis Diezen, taldeko arimaren, ahotsari eta gitarrari laguntzen lau musikari ariko dira Durangoko gaurko zuzenekoan: gitarragaz, teklatuagaz, baxuagaz eta bateriagaz lagunduko dute abeslaria.

Disko-liburua da Busco en tus labios. Lo mejor del Deseo, eta otsail amaieran aurkeztu berri dute: 23 kanta, ilustrazioak, eta 2012an hainbat antzokitan eskaini zuten biran egindako grabazioak bildu dituzte bertan. Hiru kanta berri daude diskoan: Equivocarse hasta acertar, Aunque siga siendo de noche, eta Busco en tus labios kantaren bertsio berria. Hain zuen, diskoari izena ematen dion kantu horrekin lehiaketa bat irabazita hasi zen Doctor Deseo, 1986. urtean.

Disko berriagaz, Durangoko Bideografik ekoiztetxeak grabaturiko dokumentala (50 minutukoa) ere aurkeztu berri du Doctor Deseok. Taldea gertutik ezagutzen duten musikari, idazle, kazetari eta artistak agertzen dira lan horretan –Edorta Jimenez, Itziar Ziga eta Joseba Martin, kasurako–. Doctor Deseoren inguruko euren iritziak agertzen dituzte filmean. 

Asteon, bestalde, zaleek bideoklipa egiten laguntzeko deialdia zabaldu du taldeak. "Musu" kontzeptuagaz ulertzen dutena gehienez ere 10 segundoko bideo batean islatu dezatela eskatu die zaleei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!