Mahai gainean kolpe sendoa eman du, eta mailaz igotzeko hautagai nagusienetakoa dela erakutsi zuen Tabirako Baquè emakumeen talde nagusiak joan zen zapatuan. Onenen arteko berdinketa hautsi zuen asteburuan, eta orain bakarrik dago lidergoan.
Joan zen asteko jardunaldia hasi aurretik hiru taldek garaipen kopuru bera zuten sailkapenearen buruan. Horietako bi, Tabirako Baqué eta Atlético San Sebastian, elkarren kontra neurtu ziren Landako kiroldegian, eta Durangoko taldeak xehatu egin zuen Donostiakoa: 63-45. Atlético San Sebastianek 12 garaipen zeramatzan errenkadan. Hirugarren taldeak, Azpeitiko Zurt tabernak, aldiz, justuan, baina galdu egin zuen Loiola Deustu Unibertsitatearen aurka: 62-60.
Zortzi jardunaldi falta dira liga erregularra amaitzeko.
Asteburu honetan Tabirakok Getxoren kontra jokatu behar zuen partidua martxoaren 16ra atzeratu dute, eta, beraz, ez du norgehiagokarik izango asteon.
Tabirako Baqué gizonen talde nagusia ere martxa onean dabil. Sei garaipen segidan zeramatzala, bolada on hori Bide Bide Donosti liderrak hautsi zion. Baina harrezkero jokatu dituzten biak irabazi egin dituzte, horietako bat sailkapenean gainetik duten Ordiziako taldearen aurkakoa.