Joxemari Iturralde Sarrionandia lagunaren bizitzaz eta literaturaz

Anboto 2014ko ots. 20a, 13:00

Bete egin ziren entzuleentzat prestaturiko aulki guztiak.
Martitzenean, Durangoko Udal Liburutegian eskaini zuen Iturraldek berbaldia

 

Sarri hitzez eta ahotsez,Joseba Sarrionandia Iurretako idazlearen lanari buruzko ekimenaren lehenengo hitzordua izan zen martitzenean, Durangoko liburutegian. Besteak beste, Sarrionandiagaz 1977an, Bilbon, sorturiko Pott Banda literarioan kide eta lagun izandako Joxemari Iturralde idazle tolosarrak eskaini zuen martitzeneko berbaldia: Joseba Sarrionandiaren obraren inguruko zertzaladak eskaini zituen. “Bere liburuak hor daude, eta zaila da ezer berririk esatea”, hasi zuen berbaldia. “Baina uste dut, bere obra esplikatzeko, bere bizitzako esperientziaz jardun behar garela, bere bizitzako esperientziak isla zuzena duelako bere liburuetan”, adierazi zuen. Bere ustez Joseba Sarrionandiaren bizitza eta obraren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren azpimarratu zuen Iturraldek: euskararen aldeko apustua eta errebeldia.

Sarrionandiaren literatura gustuko duten hainbat herritarrek antolatu dute ekimena, eta datozen hilabeteetan jarraituko du egitasmoak. Martxoaren 12an eta apirilaren 2an, esaterako, Sarrionandiaren lanaren gaineko solasaldi bana izango da aukeran (izen-ematea: sarri.joseba@gmail.com). 

Maiatzaren 9an emango dute ekimena amaitutzat, Plateruenean. Jendaurreko irakurketa egingo dute Kafe Antzokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!