Kalerarock elkartasun jaialdiaren hirugarren edizioa hartuko du Durangoko Landako Guneak, bihar, egun osoan. Milaka lagun batuko dira Landako Gune horretan euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko, Gure indarrarekin batera lelopean.
Goizeko hamaiketan zabalduko dituzte Landako Guneko ateak, eta ordu horretan hasiko dira kontzertuak. Dozena bat musika talde ariko dira jaialdiagaz bat egin, eta euren musika eskaintzen. Azken eguna zuzeneko diskoa kaleratu zuenetik hamarkada bat igarota, iaz Astiro izeneko diskoa kaleratu zuen 1988an sorturiko Urtz taldeak, Sevillako Reincidentes rock taldeak, Esne Beltzak, iaz ere jaialdian parte hartu zuen Arcada Socialek eta Gose taldeko arrasatearrek joko dute Durangon, zuzenean, bihar.
Denetariko musika gustuei lekua egin diete Kalerarock jaialdiaren hirugarren edizioaren kartelean. Besteak beste, jaialdiaren aurtengo kanta egin duen McOnak Lekeitioko taldea ere ariko da Durangoko jaialdian. Talde horrek Xabi Solano, Sorkun eta Hodei Beitiagaz sorturiko bideoklipa ere aurkeztu dute antolatzaileek.
Lehenengo urtean jaialdia arratsaldez antolatu zuten, baina jendearen erantzuna ikusita, hurrengo urteetan egun osorako eskaintza luzatzeari ekin dio Kalerarockek. Karpan emango diote egunari amaiera: bertan Bull eta Txo DJen kanta aukeraketa izango da dantzagai.
- ESNE BELTZA
- REINCIDENTES
- KAUTA
- BOIKOT
- GOSE
- ITZIARREN SEMEAK
- ZE ESATEK!
- ARKADA SOCIAL
- URTZ
- TRIKIZIO
- MCONAK
Karpan:
- DJ BULL ETA DJ TXO
* Durangoko Landako Gunean. Ateen irekiera eta kontzertuen hasiera 11:00etan