Ibaizabaleko Haur Hezkuntzako ikasleek sortu eta antzezturiko bost obra, Plateruenean

Anboto 2014ko otsailaren 16a

Ikastoletan eskaini izan dituzte beste urte batzuetan emanaldiak.
Durangoko Ibaizabal ikastolan Haur Hezkuntzako 25 ikasleek sorturiko bost antzezlan Durangoko Plateruenean izango dira asteon ikusgai. Gaur hasi eta barikura arte, antzezlan bat eskainiko dute egun bakoitzean

 

Durangoko Ibaizabal ikastolako Haur Hezkuntzako lehenengo mailako 25 ikasleek idatzi, prestatu eta antzezturiko bost lan eskainiko dituzte, asteon, Durangoko Plateruenean. Berbaro elkarteak umeei zuzenduta kudeatzen duen Olgetan proiektuaren barruan eskainiko dituzte bost emanaldiak. Astelehenetik barikura, bi eta bost urte arteko ikusleengan eta euren familiengan pentsatutako antzezlan bana eskainiko dute, 17:30ean hasita.

Mireia Delgado irakasleak azaldu duenez, lehenengo, gelan prestaturiko ikuskizunak beste ikastola batzuetan eskaintzen hasi ziren. Iaz egin zuten lehenengoz, emanaldi zabala, Plateruenean. "Hain lan handia eginda, ikuskizun osoak sortu dituztenez, herrira zabaltzeko bide egokia dela uste dugu". 

Bidaiak –bat ilargirainokoa–, misteoriozko istorioak zein naturari buruzkoak, jolasak... Askotariko gaiei buruzkoak dira Plateruenean eskainiko dituzten bost ikuskizunak, Ilargiaren zati bat, Antzinako taupadak, Jolastokitik espaziora, Irakurriz amestuz eta Urtaroei adi, txantxangorria gidari! izenburukoak. "Bihotzetan sartu ahal izateko, bihotzean sorturikoak behar dute izan istorioek”, dio Delgado irakasleak: “Emozioetan, detaileetan, gauza txikietan oinarriturikoak".

Haur Hezkuntzako ikasketetan diziplinarteko gaia dute literaturari eta antzerkiari loturikoa; hainbat ikasgaitan lantzen dute proiektua, eta datorren astean Plateruenean eskainiko dituzten ikuskizunak prestatzea da proiektu horren zatietako bat. "Hezitzaile profila lantzeko, oso inportantea da errealak diren egoerak planteatzea: benetako plaza bat eskainita, testuinguru errealean dihardute ikasleek. Bestalde, taldean egindako lana da, erronka bat daukate, eta ikuskizun osoa euren esku dago".  

  • OTSAILAK 17
    Ilargiaren zati bat
  • OTSAILAK 18 
    Antzinako taupadak
  • OTSAILAK 19
    Jolastokitik espaziora
  • OTSAILAK 20
    Irakurriz amestuz
  • OTSAILAK 21
    Urtaroei adi, txantxangorria gidari!

    * Emanaldi guztiak, 17:30ean, Plateruenean
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!