Asteburuan, 'Asier eta biok' Durangoko Zugazan ikusgai

Anboto 2014ko ots. 11a, 09:00

Otsailaren 14tik 18ra eskainiko dute Merino anai-arreben filma, Durangoko Zugaza zineman

 

Barikuan, 19:30ean; zapatuan, 22:30ean; domekan eta astelehenean, 21:00etan; eta martitzenean 20:00etan izango dira emanaldiak.

Aitor Merino aktoreak zuzendu duen lehenengo film luzea da Asier eta biok. Amaia Merinok, berriz, Ekuadorren, bizi den herrialdean, hainbat film luze zuzendu ditu lehenago.

Film dokumentala da Merinotarrena: Euskal Herriko gatazka politikoari buruzkoa. Aitor Merinoren eta Asier Aranguren haurtzaroko bere lagun minaren arteko harremanak Euskal Herriko azken urteetako egoera politikoa islatzen du. 

Hamasei urte zituenetik Madrilen bizi izan da Aito Merino, eta zineman zein antzerkian aktore lana egin izan du. Etakide egitea erabaki zuen Asier umetako lagunak. Urtebete ihes eginda eman ostean, Frantzian kartzelaratua egon zen zortzi urtez, 2010ean askatu zuten arte. 

Asier lagun minaren hautua eta Euskal Herriko gatazka politikoa Madrilgo bere lagunei azaltzen saiatzea izan zuen helburuetako bat Aitor Merinok, Asier eta Biok sortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!