"Azkenaldian gehiago animatu naiz inprobisazio saioetan aritzera"

Anboto 2014ko otsailaren 7a

Mikel Nuñez pianista durangarra
Otsailaren 14ko Platerueneko ‘jam session’-ean ariko da, hiru taldekidegaz batera, Musikenen ikasten ari den Mikel Nuñez pianistak durangarrak. Bere ustean "teknika menperatzeaz aparte, estilo propioa izatea" behar du jazzlari on batek.

Beste hiru musikari lagunekin jardungo duzu, datorren barikuan, Platerueneko emanaldian. Zelan elkartu zarete?

Inprobisazio saioa zabaltzea proposatzeko deitu zidan Ander Erzilla antolatzaileak. Musikenen ikasten nabilenez, bertako musikariak gonbidatu ditut.

 

Zer zabiltza ikasten Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian? 

Piano ikasketen hirugarren mailan nabil. Duela zortzi urte ere, piano klasiko ikasketak amaitzean, saiatu nintzen Musikairen sartzen, baina prestatu barik joan nintzen, eta ez ninduten hartu. Orduan jazza zer zen ere ez nekien ondo. Lanean, eskolak ematen, eta kontzertuetan jotzen hasi nintzen gero, eta alde batera utzi nituen ikasketak. Baina beti eduki dut ideia hori buruan. Sarrera proba prestatu nuen, eta hartu egin ninduten.

 

Zertan aldatu da zure jotzeko era Musikenen zaudenetik?

Guztiz aldatu dut estiloa. Lehen, ez nuen jazza jotzen, eta horretan buru-belarri dihardut orain. 

 

Zelakoa da goi-mailako musika ikastegi horretako jarduna? 

Praktikoa da batez ere, baina harmonia eta musikaren historia ere ikasten dugu, esaterako. Sartu aurretik, bertan ikasitakoek esana zidaten oso gogorra zela, eta apur bat beldurtuta hasi nintzen. Orain, sufritzen, baina oso gustura nabil. 

 

Zer zentzutan sufritzen? 

Hainbeste gauza dago ikasteko! Ikasgai gogorrena dut pianoa jotzen hobetzea: egunean ordu asko eman behar ditugu instrumentuagaz praktikatzen. Horretaz gainera, beste ikasgai asko ere badauzkagu, eta denerako denbora ateratzea ez da erraza. 

 

Musika ikasketa klasikoekin zer alde dauka Musikenekoak? 

Askoz gehiago pentsatu behar duzula: inprobisazioa da jazza, sortzea. Hasieran batez ere, inprobisatzeko oinarri batzuk daude, baina gero eta libreago jardun dezakezu. Ikasketetako azken urteetan bakoitza bere estiloa bilatzen hasten da; izan ere, jazzean estilo ezberdin asko dago. Klasikoan, aldiz, partitura da guztiaren oinarria. 

 

Jazzaren zein alorretan aritzen zara gusturen? 

Oraindik ez dut bidea aukeratu, baina jazz modernoena baino gehiago gustatzen zait melodikoagoa. Modernoa oraindik ez dudalako ulertzen, seguruenik. 

 

Musika asko entzuten duzu? 

Klasikoan aritzeko ez bezala, jazzean jarduteko oinarrizkoa da musika asko entzutea. Gogoan dut, nire lehenengo eskolan irakasle batek bost disko entzutea agindu zidala etxeko lan bezala. Liburutegira joan eta astebete eman nuen musika entzun eta entzun. Diskoetan agertzen ziren soloak transkribatu, eta zelan jotzen dituzten ikusi eta ikastea izan zen jazzarekiko nire lehenengo hartu-emana.

 

Gogoratzen duzu zein zen entzun beharreko hura? 

Irakasle hark Wynton Kelly jazz-eko pianista entzun behar nuela esan zidan. Kelly entzuteak nire puntua hartzen lagunduko zidala esan zidan. 

 

Zer eskaintzen dio ‘jam session’ batek musikari bati? 

Instrumentuak agertokian daude nahi duenak jo ditzan, eta nahi duena igo daiteke abesti bat proposatu eta beste musikariekin jotzera. Momentuan, ezer adostu barik jotzea da kontua. Orain arte ez naiz inprobisazio saioen oso zalea izan, lotsa ere sentitu izan dut. Musikenen jende oso ona dago, eta askotan nahiago izan dut besteak ikusi neuk jo baino. Asko ikasten da ikusten ere. Baina azkenaldian gehiago animatu naiz inprobisazio saioetan aritzera.

 

Zer behar du jazzlari on batek? 

Teknika menperatzeaz aparte, estilo propioa izatea. Jazzeko standarrak oinarri hartu arren, horiek zeure erara ematea. Niri hizkuntza propio hori garatzea falta zaidala sentitzen dut.

 

Musikari profesional bezala, zer proiektu daukazu?  

Kontzertuetatik bizitzea ezinezkoa denez, lana topatu eta jotzen jarraitzea da nire helburua. Behin ikasketak amaituta, hiribuetara joan nahi duen jende asko ezagutzen dut, jotzeko aukera gehiago dagoelako. Nik ez dut hemendik alde egin nahi. Kontzertuak ematen saiatuko naiz, baina hemen bizi nahi dut.

 

 

Ikaskideen ahotsak, kontrabaxuak eta bateriak lagunduko diote Nuñezi

 

Musikeneko hiru musikari gonbidatu ditu Mikel Nuñezek Plateruenera  

 

Euskal Herriko goi-mailako Musikene ikastegian elkar ezagutu duten lau ikaslek zabalduko dute, otsailaren 14an, Durangoko Platerueneko jam session emanaldia. Donostiako ikastegi horretan diharduen Mikel Nuñez pianista durangarrak gonbidatu ditu, Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolak Plateruenean antolatzen duen Durang(h)ost jam session horretan aritzera.

Mikel Nuñez eta Musikeneko beste hiru ikasle

Laukotea osatu dute Platerueneko hitzordu horretarako: Casandra Charalampi, Nuñezen Musikeneko ikaskide greziarra, ariko da emanaldian kantuan; bateria jotzen, Nuñezekin hainbat proiektutan aritu den Alex Alonso basauritarrak jardungo du; eta Alcala de Henaresko Dario Gibertek lagunduko die kontrabaxuagaz.

DJak inprobisatzen

Mikel Nuñezen laukoteak emanaldia zabaldu eta gero, Bartolome Ertzilla musika eskolako hainbat ikaslek eta irakaslek eta Durangoko beste musika sortzaile batzuek ere parte hartuko dute Durang(h)ost jam se-
ssion
ean, elkarrekin zuzeneko musika eskaintzen. 

Arkaitz Cayado Itsua, Beat Salad Records ekimenaren bultzatzailea, eta DJ gonbidatuak ere ariko dira elkarrekin inprobisatzen. Hip hoparen berba eta doinuak, jazza eta funka uztartuko dituzte, besteak beste, Kafe Antzokian, otsailaren 14ko doako saio horretan.

 
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!