Metantzezlana da: antzezlanari buruzko antzezlana. Hau da, duela bi urte aurkezturiko lana zelan sortu zuen kontatzen dute ikuskizun honetan. Cotillas hura hartzen du dokumental zuzendari batek bere lanerako oinarritzat, eta kontatzen du, besteak beste, zelan sortu zuten obra eta aktoreen bizitza zelakoa zen. Betiere umoretik.
Cotillas obran oinarrituta sortu dute Iñigo Salinerok eta Gorka Aginagaldek, beraz, bariku gauean, Durangoko Plateruenean eskainiko duten lana. Gasteizko Kubik aretoan estreinatu zuten abenduan, eta Durangon dute antzezlanaren laugarren emanaldia. "Ia-ia estreinaldia da Durangokoa, beraz", dio Aginagaldek.
Orain arteko emanaldietan "geuk zein publikoak asko gozatu dugu", azpimarratu du Aginagaldek. "Barre asko egin dugu". Horixe da, hain zuzen, emanaldiaren helburu nagusia. "Barre egiten ez duenari sarreraren dirua bueltatuko diogu", diote egileek, barrez.
Edozertaz ari direla ere, entzuleari barrea eragitea dute helburu Salinerok eta Aginagaldek. Esaterako, erretzaile eta ez erretzaileen arteko ika-mikak, Espainiako erregea edota politikariak dituzte jomugan. "Umore garratza, mingarria, egiten dugu, egurra ematen dugu", dio Aginagaldek. "Bufoiak gara".
"Eta zer egin du bufoiak?", galdera erretorikoa bota du Aginagaldek: "Kaskabilodun txanoa buruan, boteredunari kritika egiten dio, hari ere barrea eraginda. Egun, gauzak dauden bezala egonda, zer gelditzen zaigu barrerik egiten ez badugu?".
Durangoko Plateruena bezalako kafe antzokietan eskaintzeko sorturiko lana da Cotillas: "Jesarrita zein zutunik, eta ahal bada, esku artean edaritxo bat duzula ikustekoa".
Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinerok elkarlanean idatzi eta antzezturiko lehenengo lana izan zen Cotillas, baina lehenago ere elkarrekin jardundakoak dira gasteiztarrak –Cocidito madrileño edo Todos nacemos vascos lanetan parte hartu zuten. Orain, bakarrizketak ere eskaintzen dituzte elkarrekin.