Koop 57 ez da bankua, baina bankuen funtzio batzuk badauzka.
Ez, ez da bankua. Ezin die, adibidez, kutxazain bidez dirua bazkideei eman, edo nominak helbideratu edo argiaren faktura pasatu. Koop 57k proiektu kolektiboak finantzatzen ditu, bere bazkide diren elkarte, kooperatiba edo taldeen proiektuak, baina interes tipoak berak gura dituenak jarri ahal ditu, eta bere produktu finantzarioak diseinatu ditzake, Banku Zentralak esaten duenaren menpe egon barik.
Proiektu bat aurrera eroan gura duen talde batek Koop 57ra jotzen du. Zelan izaten da hortik aurrerakoa?
Entitateek galdetegi sozial bat betetzen dute. Galdetegi hori Koop 57ren oinarrizko hiru irizpideen gainekoa da: gestio demokratikoa, aberastasunaren bidezko banaketa eta ingurumenarekiko errespetua hartzen ditu kontuan. Galdetegiko erantzunak aztertu, eta, behin oinarriak beteta, entitatea Koop 57ko bazkide bihurtzen da. Mailegua eskatu gura badu, batzorde tekniko batek azterketa egiten du jakiteko sortuko diren lanpostuak egonkorrak izango diren, ea proiektua bideragarria den... Sekula ez da ezetz esaten kreditu bat ematerako orduan.
Beti esaten da baietz?
Beti ez, baina baldintzak jartzen dira proiektua moldatzeko, eta horrela kreditua jasotzeko. Irizpide sozialak betetzen ez baditu, edo teknikoki bideragarria ez dela ikusiz gero, aholkuak ematen ditugu, eta moldaketak eginez gero, jaso ahalko dute mailegua.
Gaur egungo ekonomia ereduari buelta bat eman gura diozuela diozue.
Argi gelditu da egungo sistema kolapso egoeran dagoela. Orain arte mugimendu sozialetan egon diren ekimenak ez dira egon oso lotuta ekonomiarekin, baina bai gizartearekin. Agian proiektu horiek ekonomiarekin lotzen hasi behar gara, eta norberaren lanpostua erabili gizartea eraldatzeko. Horretara jo behar dugu: lana gizarte justuago bat egiteko erabiltzera, ingurumena errespetatuta, lanarekin aberastasuna modu ekitatiboan banatuta...
Talde edo kooperatibez gainera, norbanakoak ere izan daitezke bazkide, ezta?
Bai. Bi bazkide mota daude: Batzuk norbanakoak dira, aurrezkia sartzen dutenak, mailegurik jasotzeko ahalmen barik. Horiek ordainsari bat jasotzen dute urte amaieran. Beste bazkideak zerbitzu bazkideak dira, Koop 57ren irizpideak betetzen dituzten entitateak, eta aurrezteaz gainera, kredituak jaso ditzakete. Bazkide laguntzaileek 300 euroko ekarpen minimo bat egin behar dute, eta entitateek 1.000 eurokoa. Gehienez 400.000 euroko maileguak ematen ditugu.
Euskal Herrian ia urte bete daroazue Koop 57 zabaltzen. Zelan joan da orain artekoa?
Talde eragile bat gabiltza egitasmoa ezagutarazten, eta bagabiltza bazkideak egiten; maileguak ematea ere lortu dugu. Pozik gaude. Euskal Herrian horrelako tresna batentzako aukerak daudela ikusten dugu. Hemengo filosofiak, lan egiteko moduak eta dauden mugimendu sozialek horretan laguntzen dute.
Zeintzuk dira Koop 57ren berezitasun handienak?
Momentuz Euskal Herria da gure lurraldea. Lan bolumena handitzen bada, demagun Euskal Herriko inguru konkretu batean, adibidez, Durangaldean, bertako jendeak atal lokal bat sortzea erabaki dezake. Bertan proiektu asko sortu badira, eta bazkide asko badaude, mugimendu hori bertatik kudeatzeko aukera dago. Kontua ez da gero eta handiagoa izatea, gero eta hedagarriagoa izatea, alderantziz bizik: lokalagora jotzea da helburua. Ez da beste edozein enpresak daukan logika.
Maileguetan ez duzue abal patrimonialik eskatzen.
Hori da. Entitate batek kreditua eskatzen badu, eta Koop 57k ez badauka argi enpresak kaudimena daukan, kooperatiba berria delako, esaterako, ez da eskatzen langileen etxeak abal moduan jartzeko, adibidez. Babesleak eskatzen ditugu: enpresa batek 20.000 euro eskatzen baditu, hogei pertsona lortzea, bakoitzak 1.000 eurogaz proiektua abalatzeko. Idatziz, kontratu batekin hartzen dute konpromisoa. Kreditua bueltatu ezin den kasuetan, pertsona horiek euren zatia ordaintzen dute, eta Koop 57k ez du interesa aplikatzen, interesatzen zaiona proiektua aurrera ateratzea delako. Egoera bakoitzean ordainketa negoziatzeko aukera dago. Bankuetan hori ezinezkoa da.
Herrialde Katalanetan jaio zen egitasmoa. Bertan fruitu asko eman ditu?
Bai. Mila bazkide baino gehiago ditu, eta hirurehun enpresatik gora dira bazkideak. Itzela da kontuan hartuz gero bazkide guztiek irizpide berak dituztela. Adibidez, enpresa horiek, aberastasunaren banaketan, bat biko soldata-eskala daukate. Horrek esan gura du gehien kobratzen duenak ezin duela kobratu gutxien kobratzen duenaren bikoitza baino gehiago. Konpromiso hori hartzea itzela da. Hemen enpresa indartsuetan bat zazpiko eskalak ere egon dira.
Informazioa: www.coop57.coop