Durangaldeko sortzaileen lehenengo musikalaren hiru emanaldietarako, sarrera guztiak salduta

Anboto 2014ko urtarrilaren 28a

Asteburu honetan (urtarrilaren 31n, eta otsailaren 1ean eta 2an), hiru emanaldi egingo dituzte 'Con los pies en las nubes' San Agustinen aurkezteko, eta dagoeneko ez dago sarrerarik.

 

Atzo, Durangoko San Agustin kulturgunean ikuskizunaren Durangaldeko sortzaileen ordezkaritza zabal batek aurkeztu zuen Con los pies en las nubes izeneko musikala: L'Atelier eskolako dantzariak, La Papa taldeko antzerkigileak, eta proiektu honetara batu zaizkien disziplina anitzeko sortzaileek eskaini zuten prentsaurrekoa. Asteburu honetan (urtarrilaren 31n, eta otsailaren 1ean eta 2an), hiru emanaldi egingo dituzte Con los pies en las nubes San Agustinen aurkezteko, eta dagoeneko ez dago sarrerarik. Hiru aldiz lepo beteko dute eskualdeko sortzaileek Durangoko San Agustin kulturgunea.

Roberto Oviedo pianistak zuzenean joko du emanaldietan, Jon Ugarriza durangarrak ikuskizun honetarako sorturiko musika, eta adin guztietako hamazazpi lagunek jardungo dute oholtzan; dantzari, antzezle eta musikariek elkar hartuta dihardute musikal komiko honetan. Ricardo Combi zuzendariak idatziriko istorioa kontatzen du Con los pies en las nubes obrak, Ana izeneko neskatilarena.

Bizitza xume eta baliabide gutxiko izanagatik, amets handi eta indartsua dauka Anak: dantzari izan nahi du. Giada Combik antzezten du Ana umetan, eta Paule Mallagaraik hirira dantza ikastera joatea erabakitzen duenean, nerabezaroan.

Izaskun Asua La Papa taldeko kide eta aktoreak azaldu duenez, Oiane Azkonizaga L'Atelier dantza eskolako zuzendariak egin zien duela urtebete musikal bat elkarlanean sortzeko proposamena. Hain zuzen, Azkonizagarena da musikalaren koreografia lana: "Dantzaren ikuspegi anitza eman nahi genuen; klasikoa, garaikida, hip-hopa...". Besteak beste, Ethan López dantzariak dakar kaleko dantzen presentzia ikuskizunera. Gael izeneko pertsonaiaren papera egiten du dantzari gazteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!