Hamargarrenaren atarian geratu da Tabirako Baque

Anboto 2014ko urt. 27a, 12:55
Tabirako Baque eta Gernikaren arteko partiduko une bat (Argazkia: Kepa Aginako)
Emakumeen talde nagusiak galdu egin du etxean Gernikaren aurka. Bederatzi garaipen zeramatzaten bata bestearen atzetik.

 

Bolada onak noizbait amaitu behar zuen eta asteburu honetan gertatu da. Jesus de Vicentek zuzentzen duen taldeak bederatzi garaipen zeramatzan segidan eta Gernikaren bisitak hamargarrenaren atarian utzi ditu. Tabirako Baquek 56-63 galdu zuen etxean atzo Gernika taldearen aurka.

 

Galduagatik, Tabirako Baquek bigarren darrai sailkapenean eta orain arte goi mailako denboraldia osatu dute. Durangoko taldeak hiru hilabete zeramatzan galdu barik, 2013ko urriaren 26an Zurt Taberna liderrak irabazi zionetik (46-48). Zurt Taberna Azpeitiko taldea ere bolada batean zebilen Tabirakoren antzera (11 garaipen segidan) orain asteburu bi  Donostia Basket Bera Bera taldeak irabazi zion arte. Orain, emakumeen Lehenengo Mailan Athletico San Sebastian da behetik gora datorrena. Hasiera gorabeheratsu baten ostean, azkenengo zortzi partiduak irabazi dituzte eta Tabirako Baquerengandik garaipen bakarrera kokatu dira.

 

Gizonak play off postuan

 

Tabirako Baque gizonen talde nagusiak erreleboa hartu dio emakumeen taldeari. Orain eurak dira errekor bila dabiltzanak. Liga hasiera kaskar baten ostean, ohiko maila errekuperatu dute eta play off postuetan sartu dira azken bost partiduak bata bestearen atzetik irabazita. Gainera, garaipenak erakustaldiekin lagunduta etorri da batzutan. Esaterako, joan zen zapatuan 100 puntu sartu zituzten etxean Ardoi jipoitzeko (100-63). Defentsako intentsitatea eta kontraeraso azkarra izan ziren durangarren armarik nagusienak. Asteburuan Deustuko Unibertsitatea tadearen aurka jokatuko dute. Bost puntutik gorako aldeagaz irabaziz gero, sailkapenean aurrea hartuko liekete eta average-a ere euren aldera ekarriko lukete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!