Zapore gazi-gozoa utzi die txapelketak. Alde batetik pozik daude bizitako esperientziarekin, "oso polita izan delako eta taldekideen artean oso giro ona geneukalako"; baina Barrutietaren berbetan, lehenengo hiruren artean sartzea zuten helburu, eta ez dute lortu. Lehenengo partiduan aukera barik geratu ziren, Valentziaren aurka 10-5 galduta. Entsegua egin eta markagailuan aurrea hartzetik metro bira geratu ziren, eta, ondoren, valentziarrak aurreratu zitzaizkien: "Markagailuan aurrea hartzea garrantzitsua da. Entsegu hori lortu izan bagenu, nire ustez, partidua beste era batera joango zen", gogoratu du Murrayk. Txapelketa Murtzia eta Andaluziaren kontrako garaipen banarekin amaitu zuten.
Joko Olinpikoak
Euskadiko Errugbi Federakundeak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, proiekzio handia duten errugbi jokalarientzako teknifikazio egitasmoa abiatu du. Epe luzera begirako proiektua da eta, batez ere, 2016an, Brasilen, eta 2020an, Japonian izango diren Joko Olinpikoei begira, euskal jokalariak ahalik ondoen trebatzea du helburu, ondoren, Espainiako selekzioko hautatzaileak Joko Olinpikoetara joateko aukera eman diezaien. Murray eta Barrutieta federazioaren teknifikazio egitasmo horren barruan daude. Oso gutxi dira Euskal Herri osoan hori esan dezaketenak. Hilean behin edo birritan Arrasateko azpiegituretan batuko dira etorkizun oparoa duten jokalari gazteak, eta teknifikazio saioak egingo dituzte. Oraingoz saio bi izan dituzte; abenduan bat eta astelehen honetan bigarrena.
Durango-Uribealdea
Euskal Ligari dagokionez, Durango eta Uribealdea emakumeetan talde bakarrean batu izana "oso erabaki ona" izan dela uste dute. "Iaz azken aurreko amaitu eta partidu bakarra irabazi genuen", gogoratu du Barrutietak. Aurten, aldiz, sailkapeneko hirugarren postuan daude partidu bat berdindu, bi irabazi eta bakarra galduta: "Uribealdeak batez ere meleko jokalariak zituen eta guk lerroetakoak. Beraz, elkarren osagarri gara, eta gero eta hobeto ulertzen dugu elkar", dio Murrayk.